Triston Palma: reggae onena atzo eta gaur

Triston Palma: reggae onena atzo eta gaur https://www.gaztezulo.eus/albisteak/triston-palma-reggae-onena-atzo-eta-gaur/@@download/image/4p10-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Sound System
Reggaea udarekin lotu izan da beti: eguzkia, hondartzak eta ganja. Triston Palma topiko horiek apurtzera dator, eta reggaean Bob Marley, Peter Tosh edota Alpha Blondy bezain abeslari onak daudela erakustera.

Reggaea soilik udan entzuteko musika dela pentsatzen duen jendea ugari da oraindik. Abenduan reggae disko edota abeslari batez hitz egitea txorakeria dela pentsatuko dute hauek, baina tontakeria handiagoa da musika onaren plazerra urtaro zehatz batera mugatzea. Musika ona denean, topikoak apurtu eta zuku guztia atera behar diogu eta zuku asko atera diezaiokegu Triston Palmaren disko berriari.
Sizzla, Luciano, Morgan Heritage edota Jahmali bezalako jendeari esker, reggaeak azken urteetan galdutako sustraiak berreskuratu ditu. Triston Palma bezalako abeslariek, berriz, sustraiak eman zizkioten reggaeari. 1972an hasi zen, hamar urteko ume koxkorra zela, Sugar Minott edota Earl "Chinna" Smith-ekin batera. Hamarkada horretan sortu zuen "Black Solidarity" izeneko disketxe propioa, baina  80ko hamarkada iritsi arte ez zuen reggaezaleen artean merezitako arrakasta jaso. Linval Thompson eta Henry "Junjo" Lawes ekoizleekin grabatu zituen bere kanturik arrakastatsuenak.
Easy star-en izarra
90ko hamarkadaren hasiera reggaearen dekadentziaren adierazgarri izan zen. Urte horietan, reggae abeslari askok egin bezala, Triston Palmak atsedena hartu eta proiektu berriak prestatu zituen. 1995an, Dennis Brown eta Beenie Man-ekin batera, "Three Against War" diskoa kaleratu zuen eta 1998an, berriz, "Born Naked" izenekoa.
2000 urteak ekarri dio nazioarteko onespena. Jamaikako musikari onenak elkartu eta "Two Roads" diskoa osatu du, azken urteetan grabatutako reggae abesti onenetakoak jasotzen dituena. Disko horren atzetik, noski,  Easy Star zigilua dago. Reggaeak inoiz izandako ahots goxo eta konprometituenetakoa du Triston Palmak. Aurrera begira, berriz, Luciano, Beres Hammond edota Anthony B bezalako abeslariekin lan egiteko asmoa du; guztiok, udan zein neguan, gozatuko ditugun singleak kaleratuaz. Easy Star zigiluaren diskoak topatzeko arazoak badituzue jarri gurekin harremanetan.