Triki ta Ke: "Telefono mugikorra jo ta jo aritu da"

Triki ta Ke: "Telefono mugikorra jo ta jo aritu da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/triki-ta-ke-quottelefono-mugikorra-jo-ta-jo-aritu-daquot/@@download/image/7p11-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Alberto Irazu
Trikitixa doinuez datorkigu Triki ta Ke taldearen lehen diskoa. Guk Iker Dorronsoro akordeoilaria izan dugu solaskide, eta besteak beste, Anabel Arraiza aktore ezaguna musika munduan sartu izanak sortutako ikusmiraz itaundu dugu.

Taldea 1996an sortu zen, baina lehen diskoa aurten argitaratu duzue. Tarte handi samarra, ezta?
Oraingo taldearekin iaz hasi ginen. 1996an kaleratutako lehen maketatik hona aldaketa handia egon da. Diskoan garai hartako pare bat kantu egon arren, oraingo abestiak askoz landuago daude.
Anabel Arraiza da taldeko kantaria, Goenkale telesailean aritu ondoren oso aurpegi ezaguna. Jendeak Triki ta Ke Anabel Arraizarekin identifikatzeak ez al dizue beldurrik ematen?
Orain ematen du Triki ta Ke-n Anabel Arraiza dagoela eta kitto, baina hemen bost pertsona gara. Egia da Anabel oso ezaguna dela, eta denok dakigu Euskal Herria nolakoa den, horrelako gauzen inguruan morbo handia sortzen dela, alegia. Agian urtebete barru Triki ta Ke Anabelengatik ospetsu egin dela entzun beharko dugu… baina zer egingo diogu!
Orain arteko zuzenekoetan antzeman al duzue horrelakorik?
Joan den ostiralean Orion aritu ginen lehendabiziko aldiz, eta jendea sartu ezinik geratu zen kanpoan. Uda pasatzen utzi beharko da hau dena neurtzen hasteko. Baina aitortu behar da jendea "Sara" ikustera etorri zela, ea nola abesten zuen… Anabel aukeratu aurretik frogak egin genizkien beste laupabost neskei. Ahots polita duela iruditu zitzaigun, eta horrez gain eskarmentu handia du.
Nolako uda datorkizue?
Astebetean harrituta geratu gara, telefono mugikorra jo eta jo aritu baita. Itxura guztien arabera, uda mugitu samarra izango da.