Trantsizioan dagoen Lola gaztearen istorioa kontatzen duen filma bihar Donostian

Trantsizioan dagoen Lola gaztearen istorioa kontatzen duen filma bihar Donostian Bihar, ostirala, eskainiko dute 'Lola' pelikula Principe zinema-aretoan, 20:00etan. Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo dute Naizen elkarteko Aingeru Mayor eta Gehitu elkarteko Jokin Esnaolarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/trantsizioan-dagoen-lola-gaztearen-istorioa-kontatzen-duen-filma-bihar-donostian/@@download/image/lola auto.png
2021/07/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bihar, ostirala, eskainiko dute 'Lola' pelikula Principe zinema-aretoan, 20:00etan. Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo dute Naizen elkarteko Aingeru Mayor eta Gehitu elkarteko Jokin Esnaolarekin.
Trantsizioan dagoen Lola gaztearen istorioa kontatzen duen filma bihar Donostian

Laurent Micheli sortzailearen Lola filma eskainiko dute bihar Donostian, Principe zinemaren, Kresala Zineklubaren, Elamedia banatzailearen eta SADE etxearen ekimenez. Trantsizioan ari den Lola gaztearen istorioa kontatzen du filmak. Emanaldi berezia bihar, ostirala, izango da, 20:00etan, Principe zineman. Filmaren aurkezpenean eta ondorengo solasaldian hartuko dute parte Aingeru Mayor Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkarteko kideak eta Gehitu elkarteko Jokin Esnaolak.

18 urteko Lola harrera etxe batean bizi da Samir lagunarekin, eta albaitari izateko ikasten ari da. Ama hil berri zaio, eta Phillip izeneko aitak bere esku dagoen guztia egingo du alaba agurrera agertu ez dadin. Izan ere, Phillipek bi urte lehenago bota zuen Lola etxetik, Lionel deitzen ziotenean. Orain, aldiz, ebakuntza egiteko unea iritsi zaio Lolari, baina amaren sostengu ekonomiko zein emozionala galdutakoan, aurrera egiteko zailtasunak izango ditu. Aitaren helburua emaztearen errautsak Iparraldeko Itsasoan botatzea izango da, eta Lolak, harekin haserre dagoen arren, ez du ama bakarrik utzi nahiko. Hala, bien arteko harremana lantzera behartuko dituen bidaia eraldatzailea abiatuko dute elkarrekin.

Trantsizio prozesuaren argi-ilunen inguruko kontaketa "indartsu eta ausarta" egin du Laurent Micheli zinemagile belgikarrak. Aktoreen antzezpen bikaina goraipatu du nazioarteko kritikak eta hainbat sari eta izendapen jaso ditu pelikulak. 

Emanaldirako sarrerak hemen eskura daitezke.