Transilvaniako artzain eta abeltzainak iruditan

Transilvaniako artzain eta abeltzainak iruditan Istvan Kerekes argazkilariak Errumaniako eremu horretako artzain eta abeltzain komunitateei argazkiak atera dizkie eskualde horri buruz dugun ikuspegia zabaltzeko asmoz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/transilvaniako-artzain-eta-abeltzainak-iruditan/@@download/image/neskatoa.png
2021/07/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkiak: Istvan Kerekes

Istvan Kerekes argazkilariak Errumaniako eremu horretako artzain eta abeltzain komunitateei argazkiak atera dizkie eskualde horri buruz dugun ikuspegia zabaltzeko asmoz.
Transilvaniako artzain eta abeltzainak iruditan

Errumaniako Transilvania eskualdea Drakularen kondairarekin lotzen dute askok edota Edgar Allan Poeren ipuinetako giroarekin, baina irudikapen murritz hori baino askoz aberatsagoa da bertako kultura. Sinesmen horiei aurre egite aldera, Errumanian jaio eta Hungarian bizi den Istvan Kerekes argazkilariak bertako artzain eta abeltzain komunitateei argazkiak atera dizkie azken 15 urteetan. 

Apuseni mendiek eta Karpato mendikateak inguratua, paisaia menditsua ganaduak bazkatzeko landaredi eta larre zabalez betea dago. "Transilvaniako toki batzuetan ibiltzean denboran atzera egin duzula sentitzen duzu sarritan. Ez dago teknologia modernoaren ia arrastorik ere. Denbora gelditu izan balitz bezala da, edertasuna eta natura mantenduta", adierazi du Kerekesek. 

Kerekesen erretratu eta paisaien argazkiek bizitza animaliak zaintzen igarotzen dutenenen dedikazioa eta ausardia erakusten ditu. Animalien eta zaintzaileen arteko lotura antzematen da irudietan, eta bizimodu tradizionalaren transmisioa belaunaldiz belaunaldi. 

Arkumea beroki barruan duen gizon zailduaren besarkada samurra edota animalietako bat lepoaren bueltan duen umearen argazkiak ikus daitezke bilduman, besteak beste. Irudi indartsuak eta gordinak dira, zalantzarik gabe. 

Ateratako argazkietako batzuk All About Photo erakusketa birtualean zintzilikatu dituzte. Argazki gehiago topa daitezke bere webgunean

Saria eskuratu berri
Urteko Argazkiaren Saria eta Sari Nagusia lortu ditu Istvan Kerekesek iPhone Photography Awards sarietan Transylvanian Shepherds izeneko argazkiarekin. Irudian bi artzain ageri dira ingurune industrial batean, besoetan eta lepoaren bueltan arkume bana dituztela.