Transexualitateaz: transfobia eta ukazioa

Transexualitateaz: transfobia eta ukazioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/transexualitateaz-transfobia-eta-ukazioa/@@download/image/2011555762ainar_1361462209.jpg
2011/05/06
erreportajea
Testua: Ainara Ruiz
Jar zaitez une batez pertsona transexualon lekuan: emakume jaio (zure garunaren sexua, zure identitatea), baina aluak eta obarioek egon beharko luketen tokian, gorroto duzun zintzilikario bat; pubertaroan bularrak garatu ordez, aurpegia ilez bete...

Edo, gizon jaio, baina zakilaren ordez, zurea ez den zirrikitu bat, eta gorputza sendotu eta bizarra agertu beharrean, hilekoa etorri eta bularrak handitu...

Gehitu sufrimendu horri zure identitatearen etengabeko ukazioa: txiki-txikitatik, egunero, guztiei entzutea ez zarela emakume, edo ez zarela gizon, zure genitalek ezartzen dutela zure sexua, ez zure garunak, zure arimak. Etengabeko erasoa: "Ez zara zu zarena, guk dioguna baizik". Ondorio bat: pertsona transexualen %33 saiatu dira bere buruaz beste egiten trantsizioa egin aurretik.

Gero, gizarteari aurre egin eta zu zeu benetan izateko trantsizioari ekitean, gehitu erasoak (batez beste, hilketa bat bi egunean behin; proportzio berean, urtean 5,5 milioi pertsona ez-transexual erailtzearen parekoa: genozidio bat), erabateko lan-bazterketa (espainiar estatuan, emakume transexualen %80ek baino gehiagok ez dute prostituzioa beste irtenbiderik bizirauteko), gizarte bazterketa, komunikabideetan irrigarri gisa irudikatzea, morbo eta pornografiari lotuta...

Eta gure identitatearen ukazioa denaren gainean, eta aldi berean oinarrian, deshumanizazioa azken batean: gu ez gara gu (garena, sentitzen duguna eta esaten duguna), gezur bat baizik, iruzurra, engainua... Zer eskubide eta errespetu zor zaio egiazko pertsona ez denari, iruzurra baino ez denari? Transfobiaren kate luzearen lehen kate-begia.

Gure identitatea ukatzen duzun bakoitzean, "benetako emakumeak" ez garela, "guztiz gizonak ez direla", "emakumeak, gizonak eta transexualak", "hirugarren sexua" aipatzean... transfobia iraunarazten ari zara (baita guri eraso egiten ere).
Gehiagorako tokirik ezean, gaia hobeto ulertzeko, ezkerraldean hiru artikulu (lehena nirea, besteak ez).