Trans pertsonen genero aldaketa erraztuko duen lege historikoa onartuko da Vietnamen
Vietnameko parlamentuak iragarri duenez genero identitateari buruzko legea datorren urteko agendan txertatuko litzateke.
Egun ez dago genero identitatea eta genero trantsizioa erregulatzeko lege dokumenturik Vietnamen. Trans pertsonei buruzko ikerketa zehatzik ere ez dago, beraz, herrialdearen egoera zein den jakitea ez da erraza.
Lege hau onartuko balitz guztia ezberdina litzateke. Trans pertsona zaurgarrienak babestuko lituzke. Momentuz, egungo legeak bi genero identitate soilik onartzen ditu: maskulinoa eta femeninoa. 2016. urtetik, ordea, bertako gobernuak Osasun Ministerioari generoari ikerketa batzuk enkargatu dizkio eta horien emaitzak aztertzen ari da. Azterketa horien ondoren iritsi da proiektu lege hau.
Parlamentari gehienek onartu zuten datorren urteko agendan identitatearen lege proiektu hau txertatzea. Bùi Van Cuong idazkariak adierazi zuen gai sentikorrak edo zailak izateagatik ez direla ekidin behar: "Gizartea gaiarekiko nahiko irekia dago egun. Legeak ez baditugu eraikitzen arazo ugari sortuko dira bai instituzionalki eta baita praktikan ere".
2015. urtean herrialdeko gobernuak Ezkontza eta Familien Legea onartu zuen. Bertan, sexu bereko pertsonak ezkondu ezin izatearen debekua kendu zuten. Urte berean, trans pertsonen eskubideak aldarrikatzen zituen lege proiektua ere onartu zen.

