Tramankulu bitxiak

Tramankulu bitxiak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tramankulu-bitxiak/@@download/image/61p50-1_1365707925.jpg
2006/03/03
erreportajea
Gorka Julio
Tramankulu bitxiak
Tramankulu bitxi asko aurkitu daiteke Interneten. Tramankulu horiek (gadget, ingelesez), informatikarekin edo teknologiarekin izaten dute askotan harremana; baina ez beti. Gaurkoan, tramankulu bitxi horietako batzuk ikusteko aukera izango duzue, eta, gero, zeuek frogatu beren baliagarritasuna. Hori bai, ziurtatzen dizuet bitxiak izango direla.

Aurrekariak
Tramankulu arraroen kontua ez da gauza berria. Telebista dugu horren adibide garbia: nork ez du ezagutzen Gadget inspektorea, bere tramankulu hegalariekin eta malgukidun zapatekin ibiltzen zena? Komikietan ere aski ezagunak dira tramankulu horiek; hor dugu, adibidez, Mortadelo eta Filemonen zapatofonoa. Walkmana ere tramankulu interesgarria izan zen; orain, aldiz, jende gutxik erabiltzen du, mp3 irakurgailuak nagusitu baitira.

Erabilgarrienak?

· Ohe azpiko argia
(www.strangenewproducts.com/2006/01/bed-light-scares-monsters-away.html) -> Argi urdin honekin, gauez altxatzean gertatzen diren istriputxoak saihestuko dituzu.

· Esku bakarrarekin liburuak irakurtzeko

tramankulua (www.thumbthing.com) -> Zenbat aldiz saiatu zara esku bakarrarekin irakurtzen metroan, autobusean edota ohean zaudenean? Tramankulu txiki honek gauzak erraztuko dizkizu, eta zure hatzek ere eskertuko dute.

· Mahukadun estalkia

(www.theslanket.com) -> Baina nola ez zuten lehenago asmatu! Egun hotzetan zerbait hartu edo erabili behar baduzu, eskertuko duzu asmakizuna.

· Pilula buruargia

Elikagaiak irentsi, eta, digestio-aparatutik jaisten diren bitartean, zeure gorputzari buruzko datuak igorriko ditu tramankuluak, gaixotasunik ba ote duzun aztertzeko.

· USB memoriadun eskumuturrekoa

(www.imation.com/products/flash_devices/usb_flash_wristband.html) -> Moda-modako eskumutur antzeko batean datza tramankulua; eskumutarraren atzean, USB bidez konektatzen den memoria bat ezkutatzen da, zeure datuak eramateko. Zeure datuak beti zeurekin eramateko, primerakoa da.

· USB bidezko kafe-berogailua
(edo beste edozein edari bero)
(www.thinkgeek.com/gadgets/electronic/755e/) -> Ordenagailu aurrean zaudenean edari beroak edatea gustatzen bazaizu, baina askotan hozten bazaizkizu, tramankulu hau zuretzat egina dago.

· Intsektuak harrapatzeko tresna

(www.boysstuff.co.uk/product.asp?id=13259&random;=345379055&cid;=29&subcat;=&scid;=)-> Eskuila antzeko intsektu-harrapatzaile honekin, hainbesteko nazka ematen dizuten intsektu horiek harrapatzeko aukera izango duzu.

Bitxienetan bitxienak

· Usain arraroko aire-lurrintzaileak
(www.mcphee.com) -> Orrialde horretan, usain arraroko aire-lurrintzaileak aurkituko dituzu etxerako eta kotxerako; besteak beste, barbakoa- edo mostaza-usaina dutenak.

· Txakurrari janaria jaurtitzeko pistola

(www.snackshotz.com) -> Zein jostagarria suertatzen den txakurrei gauzak bota, eta txakurrek horiek harrapatzea! Pistola honek horixe egiten du, baina txakurren janariarekin.

· Bulegoan jolasteko disko hegalaria
(www.handstands.com/retail/fun_fitness/stretcheeflyer.shtml) -> Bulegoan aspertu egiten bazara, zure lagunekin jolasteko aukera izango duzu disko hegalari honekin. Material malguaz egina dagoenez, ezer hausteko arriskurik ez duzu izango, eta, nagusia etortzen bada, jaso eta poltsikoan sartu ahal izango duzu.

· Komunerako burezur-itxurako eskuila

(www.bluelips.com/pd_skull_toilet.cfm) -· Egia esan, eskuilak gauza atseginekin erlazionatzeko arriskurik ez da izaten, baina eskuila honek beldurra eta guzti eragiten du.

· Edozein telebista itzaltzeko urrutiko agindua

(www.thinkgeek.com/gadgets/electronic/755e/)-> Zenbat aldiz bota dudan faltan halako tresna bitxi bat! Tresna horrekin, edozein telebista itzali dezakezu, 69 segundotan gehienez ere (diotenez, askoz lehenago izaten da gehienetan).

·  Etorkizuneko itxura duen inurritegia

(www.thinkgeek.com/geektoys/science/6fd6/) -> AEBko filmetan ikusi ditugun inurritegi artifizialen modukoa da, baina etorkizuneko itxura espaziala du.

Gurekin harremanetan jartzeko:
juliuska@euskalerria.org
http://teketen.blogspot.com