'Ogiak hizketan baleki' antzezlana gaur Gasteizen

'Ogiak hizketan baleki' antzezlana gaur Gasteizen Lehen karlistaldiaren garaian, traidore izatea leporatuta, senarra exekutatzear eta alargun izatearen atarian dagoen emakumearen istorioa kontatzen du antzezlanak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ogiak-hizketan-baleki-antzezlana-gaur-gasteizen/@@download/image/ogia.jpg
2021/12/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lehen karlistaldiaren garaian, traidore izatea leporatuta, senarra exekutatzear eta alargun izatearen atarian dagoen emakumearen istorioa kontatzen du antzezlanak.

Mamiak kolektiboak Ogiak hizketan baleki bere lehen antzezlana taularatuko du gaur Gasteizen. Antzezlana 1836an kokatua dago, Gasteizen, lehen karlistaldian. Josefa de Mugika alarguntzear da, hiru egun barru hiriaren erdialdea okupatzen duten tropa ingelesek bere senarra, Jose de Elosegi okina, exekutatu behar baitute Gasteizko Plaza Zaharrean, milaka soldadu atzerritar suharturen aurrean. Garrotez hilko dute, traidore izatea leporatuta, soldadu liberalen artean desertzio-sare erraldoia antolatzeagatik. Baina, horretaz gain, azken hilabeteetan Gasteizen hil diren 1.200 soldadu ingelesen heriotzaren erruduna dela ere uste dute liberalek. 

Kazetaritza performatikoa erabili dute ikuskizun hau sortzeko, hau da, ikerketa kazetaritza eta arte eszenikoak zeharkatzen dituen artefaktu kulturala da. Ikus-entzunezkoak, kazetaritza, arte eszenikoak, historia eta literatura uztartu dituzte obra honen baitan.  

Diziplina ezberdinetako sei sortzailek osatzen dute Mamiak kolektiboa: Marina Suarez (zuzendari eszenikoa), Irantzu Lekue (arte zuzendaria), Josune Velez de Mendizabal (aktorea), Edu Zelaieta (gidoilaria), Ander Gondra (ikerketa historikoa) eta Txema Ramirez de la Piscina (komunikazio arduraduna).

Emanaldia 19:00etan izango da Gasteizko Unibertsitate Pabilioian eta aldez aurretik eman behar da izena. Antzezlana amaitu ostean, Mamiak kolektiboko taldekideen solasaldia izango da.