'TopAraba', Arabako euskal kulturaren sormena sustatzeko ekimena

'TopAraba', Arabako euskal kulturaren sormena sustatzeko ekimena Araban erroldatutako 18 urtetik gorako sortzaileen proiektuak aukeratu eta lagunduko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/toparaba-arabako-euskal-kulturaren-sormena-sustatzeko-ekimena/@@download/image/Toparaba_logo-2-e1642409029486.jpg
2022/01/17

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Araban erroldatutako 18 urtetik gorako sortzaileen proiektuak aukeratu eta lagunduko dituzte.
'TopAraba', Arabako euskal kulturaren sormena sustatzeko ekimena

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak TopAraba egitasmoa jarri du martxan aurten ere, euskarazko kultur sormena sustatu, berrikuntza suspertu eta sareak sortzeko asmotan. Ekimen honen bidez, Araban bizi diren kultur diziplina anitzetako norbanako sortzaileak harremanetan jarri nahi ditu Oihanederrek, eta horretarako baliabide ekonomiko, tekniko eta materialak eskainiko dizkie. 18 urtetik gorako eta Araban erroldatutako kultur sortzaileei zuzendutako egitasmo honekin, diziplinarteko sormen proiektuak lagunduko dira, eta 7.500 euroko diru-poltsa osatuko da. 

Otsailaren 12an egingo duten topaketarekin abiatuko dute egitasmoa, Kultiba enpresak dinamizatuko duen saioan. Hasieran, partaideek haien buruak aurkeztu eta beren ideiak azalduko dituzte labur-labur. Entzundakoaren arabera, euren arteko elkarrizketa azkarrak antolatuko dira eta, dinamika ezberdinekin, sortzaileen sarea sortu eta proiektuak garatzeko behar den gutxieneko konfiantza landuko da. Horrekin, egitasmoak izango dituen hurrengo urratsak eta parte hartzeko aukerak azalduko dira.  

Topaketa egin ondotik, bertan landutako diziplinarteko kultur proiektuak aurkezteko lau asteko epea izango dute partaideek. Gainera, proiektuak lantzeko aholkularitza teoriko pertsonalizatua jasoko dute taldeek. Ondoren, gehienez bi proiekturen aukeraketa egingo da, eta 7.500 euroko diru-poltsa egongo da aukeratutako proiektuak garatzeko. Hautatutako proiektuen garapena urtebeteko epean burutu beharko da asko jota, eta aurkezpena 2023. urteko neguan egitea aurreikusten dute.

Aurreko urteko deialdiari esker, Ogiak hizketan baleki obra multidiziplinarra ekoiztu zen. Lan honek, kazetaritza performatikoa erabiliz, Gasteizko historiaren baitan ahaztuta dauden zenbait pasadizoren berreskurapena planteatzen du.

Topaketan izena emateko epea otsailaren 7an amaituko da. Egitasmoaren oinarriak Oihanederren webgunean kontsulta daitezke.