Topaguneak lagunduriko film laburrak ikusgai

Topaguneak lagunduriko film laburrak ikusgai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/topaguneak-lagunduriko-film-laburrak-ikusgai/@@download/image/201111304607Benito_Ansola_Beka1.jpg
2012/12/13
berria
Topaguneak lagunduriko film laburrak ikusgai
Benito Ansola Beken lehen deialdiaren irabazleak, David Zabala eta Paul Urkijo lekeitiarrek zuzenduriko 'Ohe azpiko zera' eta Joseba Urberuaga gernikarraren 'Izena duena', datorren larunbatean estreinatuko dira, Lekeitioko Zine Bileraren baitan. 

Euskarazko ikus-entzunezko lanen sormena bultzatzeko asmoz sortu zituen iaz Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak, Benito Ansola Bekak. Euskal Herriko 18-36 urte bitarteko gazteei zuzenduta daude beka hauek, 4.000 euroko bi laguntza banatzen dituzte eta lehen edizio horretan Koldo Almandoz zuzendaria, Vanesa Fernandez EHUko Ikus-Entzunezko Saileko irakaslea eta Joseba Zuberogoitia Lekeitioko Euskal Zine Bilerako antolatzailea aritu dira epaimahaikide lanetan.

Hamazazpi proiektu jaso zituzten, genero guztietakoak, eta David Zabalaren Ohe azpiko zera izeneko lana eta Joseba Urberuagaren Izena duena animaziozkoa suertatu ziren irabazle. Orain, bekaren laguntzari esker, bi lanak osatu dituzte dagoeneko eta Lekeitioko Zine Bileraren baitan estreinatuko dira.

Ohe azpiko zera film laburrak Mattin izeneko haur baten abentura kontatzen du. Galtzerdiak desagertu egin zaizkio egun batetik bestera, klasekideek barre egiten diote galtzerdirik ez duelako, gurasoek errieta galdu egin dituelako, eta misterioa argitu nahian bere beldurren aurka arituko da Mattin. Izena duena laburrean, berriz, Basajaunak ardiak lapurtu nahi dizkion otsoarekin bizi dituen komeriak kontatzen zaizkigu.

Topaguneak lehentasuna eman nahi dio euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzari eta azken urteotan Benito Ansola Bekez gain, Laburbira film labur zirkuitua, Kameratoia ikus-entzunezko rallya, eta aurtengo Durangoko Azokan estreinatuko den Irudienea egitasmoa jarri ditu martxan.