Tonino Carotone: "Maitasuna gauzarik erradikalena da"

Kojón Prieto y los Huajalotes taldean aritu ondoren, nolaz iritsi zara egungo kantautore bide honetara?
Ni kantautorea eta interpretea izan naiz beti. Huajalotes-etan bertan nire abestiak egiten nituen, eta baita lehenago ere. "Kantautore" kontzeptua nahastu samarra dago; ematen du aulki batean gitarra batekin eserita eta oso hitzontzia den pertsona dela kantautorea. Gaur egun Huajaloteekin garai batean egiten nuenaren antzekoa egiten dut. Orduan ere zenbait abesti italieraz kantatu eta"bodevila" egiten nuen.
Zer aldatu da garai bateko Toñinetik hegakinez hegazkin eta hotelez hotel dabilen egungo Toninora?
Betiko bera naiz, nire "bodebila" bizitzen jarraitzen dut, bizitza "bodevila" baita, finean: jaikitzen zarenetik oheratu arte ustekabeko etengabea. Oraintsu Cannes, Devilde eta Lleidako musika festibaletan egona naiz. Izar bat baino, "homeless" bat ematen dut.
Okupa eta intsumisoa izan ondoren multinazional batean diharduzu. Gustura al zabiltza?
Konpromiso serioa da, baina ni nire bizitza pertsonala gordetzen ahalegintzen naiz. Ez da eraman erraza, baina bizitzan askoz gauza zailagoak daude.
Italian sekulako arrakasta izan duzu, zergatik?
Diskoa kaleratu eta astebetera urrezko diskoa eskuratu nuen, eta dagoeneko platinozkotik gertu nago. Italiarrei beren betiko gauza bat berreskuratu diet, oso barruan duten musika herrikoi horren ildotik. Musika herrikoia egiten dut, eta bihotzez abesten dudala ikusten dute. Pixka bat gazteleraz eta pixka bat italieraz kantatzeak ere grazia egiten die, eta baita esaten dizkiedan gauzek ere: "mondo diffizile" esaldia "aita gurea" bezalakoa da italiarrentzat.
Adriano Celentano, Raffaela Carra
Italiako farandula munduko jende asko ezagutzen ari zara. Zer diote zu italieraz kantatzen entzunda?
Egia esan, italieraz ia gazteleraz baino hobe moldatzen naiz. Askotan, elkarrizketetan eta, nahikoa ditut lau hitz pentsatzen dudana esateko, eta horrelakoetan, adarretatik ibili gabe, italieraz primeran moldatzen naiz. Italiarrek oso ondo ulertzen naute, eta errespetu handia didate. Bitxia da, zenbaitek italiarra naizela uste dute, eta "espainolarena" egiten ari ote naizen galdetzen didate. Grezian eta Frantzian ere antzeko zerbait gertatzen zait.
Noizko abesti bat euskaraz?
Gabon gauean, Oskorri taldearekin, abesti bat euskaraz abestekotan nintzen ETBn, baina osasun arazoengatik ezinezkoa izan zen. Kontu honetaz nazkatzen naizenean, Euskal Herrira bueltatu eta barnetegi batean sartuko naiz.
Maitasun kontuetan euskaldunek motz samarrak omen gara. Italiarrek, aldiz, "beroak" izateko ospea dute. Topikoak al dira?
Maitasuna bizitzako gauzarik gozoena eta samurrena da, baina era berean baita mingotsena eta ilunena ere. Finean, maitasuna munduko gauzarik erradikalena da. "Mondo difizzile, vita intensa" abesten dudanean hori esan nahi dut. Italiarrek ironia ukitu hori dute, eta euskal herritarrek baino lotsa gutxiago dute maitasuna adierazteko. Nik hau dena ezingo nuke gazteleraz esan, barregarria irudituko bailitzaidake.
Film bat egiteko eskaintza izan duzu. Zerbait aurreratuko al diguzu proiektuaz? Sanferminetan kokatutako film baterako aktore egokia izango zinateke
Ezin dut ezer aurreratu. Aurten gainera, sanferminetan New Yorken egongo naiz. Ezer egitekotan, beraz, "Nafar bat New Yorken" filma egin beharko nuke. Uztailaren 7ko eguerdian e-mail bana bidaliko diet New Yorkeko nafar guztiei, eta sekulako festa egingo dugu.
Huajaloteen "Carcelero" kantua abesten jarraitzen duzu. Arazoren bat izan al duzu kontzertuetan edota disketxearekin?
Intsumisoa izateagatik kartzelan nengoela egin nuen kantu hori, eta oso harro nago mundu osoan kantatzeaz. Gainera, jendeari asko gustatzen zaio. Gainera, errua inorena izatekotan, kartzeleroarena da, ezta?