Tom Hardy: Tough guy

Tom Hardy: Tough guy https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tom-hardy-tough-guy/@@download/image/tom_hardy_1371118081.jpg
2011/12/02
erreportajea
Tipo gogorra da. Bistan dago. Londresko pub batean behar baino hiru pinta gehiago edanda aurkitu nahi ez zenukeen horietakoa dirudi. Arazoetan sartzen iaioa den horietakoa ematen du.

Mutil gaiztoa. Kontuz ibiltzekoa. Egia liteke. Alkoholarekin eta drogekin arazoak izan zituen, hogei urte pasatxo zituela. Sarah Wardekin bost urtez ezkonduta izan ostean, banaketa zalapartatsua izan zuten 2004an. Zer nolako pertsonaiak antzeztu ditu? Tipo gogorra da Hardy, oso.

Steven Spielbergek eta Tom Hanksek ekoiztutako Band of Brothers (2001) telesailean Bigarren Mundu Gerrako soldadu legez itxuratu eta Ridley Scottek Somaliara eraman zuen, AEBetako Delta indarrekin batera, Black Hawk Down (2002) indartsuan. Baina aurpegi latza ipintzea, fusila konbentzimenduz heltzea, ez da nahikoa zine izar bihurtzeko, Steven Seagal ez baldin bazara behintzat. Hala, Londresko antzokietara jo zuen eskarmentu bila. Ez zitzaion gaizki joan, Etorkizuneko Aktore Onenaren Saria irabazi zuen 2003an.

Lan egin, ikasi, saiatu, hobetu, hazi. Urteak eman zituen antzerkian, telebistan eta filmetan bigarren mailako paperak egiten. Sakontasuna, sentimendua, ñabardura, goi-mailako aktoreak behar duenaren bila. Eta lanak ematen du fruitua. Beretzat egindako papera. 2009an, Bronson ezizenez ezaguna den Michael Peterson gorpuztu zuen, Ingalaterrako gizonik arriskutsuena bataiatutakoa. Boxeatzaile ohia, gaizkile bortitza, ezohiko presoa, baina Kubricek A Clockwork Orange (1971) basatian Alex DeLarguek zuen sakontasun psikologikoaz hornitua.

Hilabete honetan Tinker, Taylor, Soldier, Spy estreinatuko du, Gary Oldman, John Hurt edota Colin Firth bezalako aktoretzarren alboan. Mad Max berrian Mel Gibson ordezkatuko du, baina horren aurretik, badu lan zailagorik. Inception (2010) zoragarrian Christopher Nolan konbentzitu ostean, Batmanek inoiz izan duen aurkaririk lazgarriena, Bane, gorpuztuko du The Dark Night Rises trilogiaren azken atalean. Heath Ledgerren Jokerra ahaztarazteak ezinezkoa dirudi, are gehiago komikizaleak ez direnentzat Bane ezezaguna dela kontuan hartuta. Baina nor ausartuko Hardyri kontrakoa esaten?

Nortasun Agiria


Izena: Edward Thomas Hardy
Jaioteguna: 1977-09-15
Jaiolekua: Londres (Ingalaterra)
Neska-laguna: Charlotte Riley aktorea
Animalia: Max txakurra
Film gustukoena: La Haine (Mathieu Kassovitz, 1995)
Aktore kuttuna: Gene Hackman
Liburu estimatuena: My War Gone By (Anthony Lloyd, 2001)
Maite du: Janari japoniarra
Gorroto ditu: Kirola egiteko ez diren oinetakoak