Tom Hardy guztia utzi eta etxeko ogia egiten hastea planteatu da

Ezinezkoa da xehetasun guztiekin konfinamendua ez gogoratzea. Oraindik askoren oroitzapenetan oso presente dago: TikTok-eko erronka arraroak, crossfit edo pilateseko klase birtualak, telesailak, filmak eta dokumentalak, dantzak eta abestiak balkoietan, memeak etengabe, etxeko ogia... aspermenaren zulo beltzetik ateratzen lagundu ziguten jardueretako batzuk dira horiek. Ia gehienok erori ginen distrazio hauetakoren batean, itxita geundela ahazten laguntzen baitziguten istant batez. Tom Hardy ere, hilkorra denez, hauetako jarduera bat egiten amaitu zuen: Ogia egiten.
Esquire UK-k egindako elkarrizketa batean adierazi du pandemiak, orokorrean, atsedena eman diola hausnartzeko, eta konfinamendua aukera bikaina izan zela ama orea egiten ikasteko. Ez zuen, ordea, ogia egiten bakarrik ikasi, bokazio moduko bat aurkitu zuen, bizitza estilo bat.
"Egunero 15 minutuz lorategian entrenatzen nintzen eta ama orea egiten nuen ondoren. Oraindik legami freskoa dut! Egunero zaindu behar da. Konpromiso bat da", adierazi dio komunikabideari.
"Ama orean espezializatutako kafetegi bat ireki nezakeela pentsatu nuen. Eta kafea eta ama orea saldu. Baita jio-jitsu klaseak antolatu ere. Eta noski, zure txarra ekarri zenezake". Bere bizimodua erabat aldatzeko nahia azaltzen du elkarrizketan. Irudikatu dezakezu Venom edo Mad Max filmetako protagonista Londreseko kafetegi batean zuri capucchino bat eta muffin bat zerbitzatzen?
Elkarrizketa guztian zehar esan duenaren arabera, lan ideia hau azken hilabeteetan egindako hausnarketen harira omen dator: "Mundua eta nire jokabideak behatzeko aukera izan dut, nola bizi izan naizen eta zer den garrantzitsua eta zer ez".
Bada gehiago. Hardy-k lanari gure sistemak ematen dio zentzua ere ezbaian jartzen du. "Sistemak sinestarazten digu bizitzan garrantzitsua etengabe lan egitea dela, erraitetan badakigun arren beste gauzak pisu gehiago dutela bizirik gaudenaren sentsazioa eskuratzeko. Nire bizitzako helburua haurrekin egotea da, forman mantentzea, osasuntsu egotea eta ondo jatea. Gauza guzti horiek. Zure buru gainean sabai bat baldin baduzu, ohe bat eta janaria hozkailuan, zenbat da nahikoa? Zeren, bizitza ez da entsegu orokor bat, ezta? Zuzeneko bat da. Eta behin bakarrik gertatzen da".
Hitz sendagarriak dira aktorearenak, gogoratu dezagun benetan zerk egiten gaituen zoriontsu eta zein garen. Egunerokotasunaren zurrunbiloan horietaz ahaztea erraza da, baina garrantzitsua da presente edukitzea eta beharrezkoa noizean behin horrelako hitzak irakurtzea.