Tokikom Sarietako 'Komunitatearen Saria' bozkatzeko epea zabalik

Toki komunikabideetan egiten den "lan aparta aldarrikatu, ezagutarazi eta lanik onenak gizarteratzeko" asmoz, Tokikom-ek Tokikom Sariak ematen ditu urtero. Edorta Aranak, Maria Gorosarri Gonzalezek eta Amaia Pavonek osatu dute 2021eko Tokikom Sarien epaimahaia. Eurak arduratu dira aurkeztu diren 57 lanen artean bederatzi finalistak aukeratzeaz, azalik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena sarietarako.
Beste sari bat ere izango da jokoan, ordea: Komunitatearen Saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalisten artean publikoaren bozka gehien jasotzen dituen lanak eskuratuko du. Honako hauek dira lan aukeratuak:
- Maxixatzen. Bolantean 60 urte. Maritxu Errazkin Azkoitiko Aldalur autobus konpainiaren sortzaileetako bat ageri da azalean, 60 urteren ondoren lanean jarraitzen duena.
- Guaixe. Uda Sakanan. Sakanako astekariak landutako azala udako zenbaki berezirako.
- Karkara. Bandera da Orion. Bandera irabazi osteko Orioko arraunlarien ospakizuna ageri da azalean.
- Guka. Turistak Bizilagun. Euskal kostaldeko turismoaren bilakaerari buruzko erreportajea, hainbat ikuspuntutik aztertuta.
- Geuria. Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak. Udarako sortutako zenbaki berezian eskualdeko ondare hidrologikoaren berri ematen du, informazioa euskarri ezberdinetan eta ikuspegi multimediarekin.
- Maxixatzen. Zein da zurea?. Ezizen ezaguna duten zortzi familiarekin batuta egindako herriko tradizioaren inguruko lana.
- Goiena. Hala bazan. Arrasate Telebistaren 90eko hamarkadaren hasierako artxiboko irudiekin osatutako saioa.
- GITB. Ateak itxi, leihoak ireki. Covid-19ari aurre egiteko itxialditik urtebetera, Goierri Irrati Telebistak hainbat herritarren bizipenak eta oroitzapenak jasoz egindako saio berezia.
- Geuria. Bideoaren trataera berezia egunerokoan. Lan zehatz bat baino, paperezko edizioko edukiak sare sozialetan ikus-entzunezko piezen bidez presente egoteko apustua nabarmendu dute.
Bederatzi lan hauen artean bozkatzeko aukera izango da urriaren 20ra bitartean. Sari banaketa azaroaren 12an izango da, tokiko komunikabideen erronken inguruko jardunaldi batzuen baitan.