TLF 2dezko MZUk

TLF 2dezko MZUk https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tlf-2dezko-mzuk/@@download/image/28p26-1_1369675529.jpg
2003/03/07
erreportajea
"Kxo 2hotza zrmdz? Zr in ber dzu gaur? Erntzn". Eskuko telefono bidezko mezuak ohikoak dira gure artean. Baina telefonoen teklatu txikietan hitzak osorik idaztea lan neketsua denez, hizkera berezia ere sortu dugu. Beste hizkuntzetan bezala, euskarak ere badu hizkera berezia: ziber euskara.

Idazteko moduak eta idazteko tresnak erabat aldatu dira azken mendean. Garai batean, lumaz, boligrafoz edo arkatzez idazten zen. Ondoren, idazmakinak etorri ziren; esku bakarrez idazteari utzi eta bi eskuz idazteari ekin genion. Duela bi hamarkada inguru, ordenadoreak merkaturatu ziren eta aldaketa handiak ekarri zituzten, ez idazteko moduan, informazioa emateko eran baizik. Azken urteetan teknologiak beste komunikazio tresna batzuk jarri dizkigu eskura, eta tresna horietako batzuek, eskuko telefonoek kasu, iraultza ekarri dute idazkeran. Hau da, atzera egin dugu -mezuak esku bakar batez idazten hasi gara berriro- eta espazioa eta energia aurreztu beharra dagoenez, hizkera ere aldatu da. Izan ere, badakizue, alfer samarrak gara. Ziber euskararen garaia da!

Kike Amonarriz soziologo tolosarraren ustez, segapoto bidezko mezuetan erabilitako hizkera teknologia berrien inguruan sortutakoarekin estu lotuta dago: "teknologia berriek hizkera berria sortu dute, ziber euskara, hain zuzen. Hizkera hori, batik bat, interneteko txat-etan, posta elektronikoetan eta telefono bidezko mezuetan erabili ohi da".

Ziber euskara
Baina, zer ote da ziber euskara hori? Amonarrizek berak eta Imanol Esnaola SEI Soziolinguistika Euskal Institutoko kideak azaldu dizkigute XXI. mendeko euskara berezi honen ezaugarri nagusiak. Batetik, "hizkera hori ahozko eta idatzizko komunikazioen artean dago, hau da, ahozko komunikaziora asko gerturatzen da", dio Esnaolak. Normalean, jendeak ez du berdin idazten eta hitz egiten, baina telefono mezuetan erabiltzen dugun hizkuntza bien arteko nahasketa da. 

Hizkera honek, bestetik, hiru iturburu nagusi ditu: euskara batua, euskalkiak eta erdarakadak. "Ziber euskaran, euskalkiak biziberritu egin dira. Euskalkien erabilera, ordea, nahasia da. Nahasketak gertatu dira, bai euskalkien artean eta baita euskara batuarekin ere", dio Amonarrizek. Bestalde, erdarakadei dagokienez, "beti izan dira beste hizkuntzetatik hartutako maileguak. Mailegu horiek asko ez badira, ez dugu zertan kezkaturik. Dena dela, hori guztia aztertzeke dago", adierazi digu soziologo tolosarrak.

Laburduren erreinuan
Esan bezala, alfer samarrak garenez, telefonoetan laburdunak erabiltzen ditugu. Lan nekeza baita idaztea! Eta kontua da laburdura horiek ikaragarri zabaltzen ari direla. "Atzerrian bezala, gurean ere gero eta gehiago erabiltzen ari dira laburdurak. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat ikastetxetan egindako ikerketa batean, eskuko telefono bidezko mezuetan honako joera antzeman dugu: zenbakiak, erabateko laburdurak eta ahalik eta bokal gutxien erabiltzea", dio Amonarrizek.  Eta hona hemen beste ezaugarri bat: segapotoetan idatzitako mezuetan, puntuazioa ia-ia ez da ageri. Baina, kontuz, hizkera hau ikastolako azterketera eramatea ez da komeni. Izan ere, oso litekeena da irakasleak gure artean zabaldutako hizkera hau ez ezagutzea, tutik ez ulertzea... eta "O" borobil-borobila jartzea.

Gazteak protagonista
Telefono mezuen ondorioz, gazte hiritarren "euskalkia" sortzen ari direla dirudi.  Halaxe diote adituek. "Gazteek erabiltzen dituzte, batez ere, komunikazioarako aukera berri horiek, eta batik bat harreman informaletan erabili ohi dute ziber euskara. Bestalde, euskara hiritartu egin zaigu. Gazteen esku dago argot-a sortzea. Ildo horretatik, beraien nortasun ezaugarri bilakatzen ari den hizkera mota berezi bat ari da sortzen. Dena dela, oraindik hizkera hori nahiko libertarioa eta menderakaitza da ", esan digu Amonarrizek.

Imanol Esnaolak ere gazteen protagonismoa nabarmendu du: "euskarak esparru berri bat bereganatu du, eta berria den neurrian, gazteak dira aitzindariak. Bidea urratzen eta eskola sortzen ari dira. Beraz, hau guztia oso fenomeno garrantzitsua da euskal kulturarentzat". 1.000 sker zibruskra era2ltzen dtn gztei.

Gazteen %70ak segapotoa du



Estadistiken arabera, eskuko telefonoen erabilerak gora egin du nabarmen azken urteetan, gazteen artean. Nafarroako Estadistika Institutuak dioenez, herrialde horretako 15 eta 24 urte bitarteko gazteen %68,6k segapotoa du. EAEn ere kopurua antzekoa da: Eustat-en arabera, EAEko 15 eta 24 urte bitarteko herritarren %70k eskuko telefonoa du. Tamalez, ez dugu Ipar Euskal Herriko datuak lortzerik izan.

Bestalde, gazteek modu ezberdinetan erabiltzen dituzte segapotoak: deiak egiteko, mezuak bidaltzeko, interneten ibiltzeko, jolasteko...

Antza denez, ordea, gazteen arteko komunikazio honetan, mezuek aurrea hartu diete ohiko telefono deiei. Zergatik? "Mezuak laburragoak direnez, gutxiago ordaindu behar da. Gainera, ligatzeko, askoz ere azkarragoak eta erabilgarriagoak dira. Gaur egun, lagun koadriletan, ohikoak dira segapoto bidezko mezuak. Nire gelan, esaterako, 21 lagun gara, eta haietatik, %80k eskuko telefonoa du eta gehienok mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri gure artean komunikatzeko", esan digu Idoia Coloma Donostiako Lauaizeta ikastolako 16 urteko ikasleak.

Idoiak esan digunez, duela hiru urte hasi ziren mezuak bidaltzen, "eskuko telefonoak erabiltzen hasi ginenean". Eta orduz geroztik, mezuetan erabilitako hizkera finkatzen joan da: "Laburdurak eta zenbakiak erabili ohi ditugu mezuak laburragoak izan daitezen. Dena dela, hizkera hori, mezuetan ez ezik, txatetan ere erabili ohi dugu".

Laburdurak



Ziber euskararen ezaugarri nagusiak laburdurak dira. Txatetan, e-mailean eta eskuko telefono bidezko mezuetan erabili ohi dira. Jarraian, zenbait adibide. Erabili itzazu beldurrik gabe.

zr mdz: zer moduz?
zl zgz: zelan zagoz?
sk: asko
2ar: bihar
mesdz: mesedez
1000 sker: mila esker
gart: gero arte
j2: heavia
nn?: non?
nl?: nola?
nz? noiz?
zn?: zein?
zr?: zer
dt: dut
dtn:duten
beaitut, beaituzu: behar ditut, behar dituzu…
jngoga: joango gara
2latorri: bila etorri
2hotza: bihotza

Maitasun mezuak


Bergarako Berrigara aldizkariak eta Jardun elkarteak, aurtenlehendabiziko aldiz, segapoto bidezko maitasun mezu lehiaketa antolatudute. Irabazlea urtarrila amaieran jakinarazi zuten: Gorka Beobide 25urteko azpeitiarra izan da lehiaketako txapelduna. Guztira, 57 mezujaso zituzten eta parte hartzaileen adina, batez beste, 21 urtekoa izanda. Hemen dituzue lehiaketan aurkeztutako mezuetako batzuk.

• Zuretzat; (m)imoak, (a)isia, (i)lusioa, i(t)xaropena, d(e)sioa, guzti(a)!
• Taupadn erritmoa bikoiztn dlako. Zu zara nerunibrtsoko izarra.
• Zu ordzkatuko zaituenik ez dt aurkituko, nre2hotz guztia okupatu daukzu.
• Sntimendu mugaezina, udaberriko eguzki izpi nre biotzaren ageri, aize egoa bntan eroa, maitzn dt zre aoa.
•Epa preziosa! zmuz zaud? zu gan zarntik gauzak eztira=, oain dla 2 egunfalta zarla ta ezin dut gehiago, torri fit, zurkin eon nai dut! maitezaitut.