Titietaraino

Titietaraino https://www.gaztezulo.eus/albisteak/titietaraino/@@download/image/39p53-1_1368436639.jpg
2004/03/05
erreportajea
Amagoia Iban


Ez dakit konturatu zareten, baina, Iñaki Lazkano kazetariak aurrekoan Euskadi Irratian esan zuen bezala, Janet Jackson-ek askoz ere garestiago ordaindu du bere bularraren erakustaldia, bularra agerian utzi zion Justin Timberlake-k baino: Grammy-en galan ematekoa zen saria eman gabe geratu zen Jackson; Timberlake, aldiz, han zegoen, txintxo aurpegia jartzen.

Janet Jackson-en bularraren pasadizoa askoz ezagunago bihurtu zaigu, hala ere, Ameriketako Estatu Batuetako kristau integrista boteredunek zentsura agerikoa ezartzeko aitzakia moduan erabili dutelako. Bai, bost minutuko atzerapenarekin eskaini zuten Grammy sarien banaketa, "gehiegizkoak" omen diren haragi erakustaldiak eta hitzaldiak mundu katodikotik ezabatu ahal izateko. Eta musika industriako jendeak otzan-otzan onartu du zentsura. Datozela hurrengoan eurena sormen lan duina dela esanez!

Hitz hauek idazterakoan, oraindik banatu gabe dituzte Oscar sariak, baina zentsura formula bera erabiltzekoak direla esan eta esan ari dira. Hau guztia, Janet Jackson-en bularraren kontura. Eta Atlantikoaz bestaldeko zentsura kasuotaz aritu dira telebista kate guztietan, baina oharkabean pasatu den datu bat bada: ETBn halakoak gertatu izan direla, baina arrazoi politikoengatik.

"
Gazte batek kamisetaren bat erakusteagatik, zenbait emanaldi, zuzenekoak izan beharrean, segundo batzuetako atzerapenarekin emititzen dira. Titi bat erakusteagatik ez, aldarrikapen politikoengatik dago hemen zentsura", zioen EHUko irakasle Josu Amezagak Berria-n. Inork ez ditu hitzok ezeztatu. Ez irakurriarena egin, eta Jackson-en titiaren inguruan jarraitu dute hizketan, AEBetako zentsura sukarra salatuz. Barkatu gordinkeria, baina titietaraino nago hainbeste zurikeriarekin.

"Barnetegia" ikasgai



Aurrera darrai “Barnetegi” saioak. Ikasleak ikasten ari direla dirudi, baina, horrelako saio batez gauza gutxi ikas dezakete ikusleek. Hori bai, telebista aurrean egonean, ezer pentsatu gabe egon nahi badute, ez da aukera txarra.

Telebista kate berria Lapurdin



Baiona, Angelu eta Miarritzeko Mankomunitateak (BAB) telebista bat sortu nahi du. Gutxienez, 10 orduz emitituko duen telebista sortzea da asmoa. Euskarak bertan lekurik izango ote duen ez du oraindik argitu BAB-ak.