Tipi-Tapa Bagoaz: bizimodu jasangarrien bila

Tipi-Tapa Bagoaz: bizimodu jasangarrien bila Nola iritsi bizimodu jasangarrietara? Zer egin dezake gutako bakoitzak elikadura, ekologia edota ekonomia eredu orekatu batean bizi ahal izateko? Hausnarketa horiei hegoak eman nahi dizkien kanpaina da Tipi-Tapa bagoaz ekimena, zehazki, hausnarketa eta analisi kolektiboko prozesu baten emaitza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tipi-tapa-bagoaz-bizimodu-jasangarrien-bila/@@download/image/tipitapa_v-400x567.jpg
2017/06/02
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Nola iritsi bizimodu jasangarrietara? Zer egin dezake gutako bakoitzak elikadura, ekologia edota ekonomia eredu orekatu batean bizi ahal izateko? Hausnarketa horiei hegoak eman nahi dizkien kanpaina da Tipi-Tapa bagoaz ekimena, zehazki, hausnarketa eta analisi kolektiboko prozesu baten emaitza.
Tipi-Tapa Bagoaz: bizimodu jasangarrien bila

Mundua aldatzea ez da erraza, baina zerbait egitekotan, eraginakorrena elkarrekin aritzea da. Eta elkarrekin aurrera egiteko ahalegin horretan sortu zen Tipi-Taba bagoaz! kanpaina; egungo garapen-ereduaren aurrean alternatibak bilatu behar direla sentitzen zuten kolektibo desberdinetako hainbat erakundek (gizarte-mugimenduak, GGKEak, sareak edota sindikatuak) sortu dute kanpaina, eta iaz beren manifestua aldarrikatu zuten: “Euskal Herritik kolektibotasunean eraikiz: Bizi estilo jasangarrietan oinarritutako gizarte justu eta bidezko baten eraikuntzarako analisi eta aldarrikapenak“.

Elkarrekin beti ere, estrategikotzat jotzen dituzten lau ardatzen inguruan adostu dituzte manifestua osatzen duten proposamen eta aldarrikapenak: Elikagai-Subiranotasuna, Ekonomiaren birlokalizazioa, Eredu energetikoa eta Zainketa.

Baina nola gauzatu manifestu bat? Proiektuaren koordinatzaileek, kaleko ekintzak, dokumentalen proiekzioak, elkarrizketarako guneak, antzezpenak eta orohar, bizimodu jasangarrietarantz manifestuarekiko atxikipen-kanpainak jarri dituzte martxan. Antolatzaileen esanetan, prozesua bizimodu jasangarrirako eskubidearen aldeko epaiketa sinboliko batekin amaituko da.



Mugarik Gabe Desazkundea eta Bizitze Oneko kide Lorea Undagoitiarekin mintzatu gara, Tipi-Tapa bagoaz! hobeto ezagutzeko:

 

- Noiztik zabiltzate Tipi-Tapa bagoaz! kanpainarekin?
Kanpaina honen aztarnak, 2010. urtetik bultzatzen gabiltzan Desazkundea eta Bizitza Ona sarean aurki ditzakegu. Sare hau Latinoamerikako zein Euskal Herriko 19 eragilez osaturik dago. Hasiera bateko helburua egungo garapen eredua ikusirik egon zitezkeen alternatibetaz hitz egitea hausnartzea izan zen. Elkarlanean hasteko erronkan, bizitzaren jasangarritasunak oinarrian dituen Desazkundea, Bizitza Ona edota Feminismoa bezalako pentsamendu korronteetan sakontzen zituzten 5 topaketa antolatu genituen. Prozesuaren aberastasunak eta oparotasunak sarekide berriak ekartzearekin batera, ordu arteko diskurtsoekin ideia zein proposamen berriak gurutzatzeko aukera eman zuen. Duela urte asko bizi dugun garapen eredu hau kolokan jartzen dugula eta, nolabait, gure bizitzetan zein kontsumo ohituretan aldaketak ematea beharrezkotzat ikusten dugula. Kontsumo zanpatzaile bat dugu egun gurean, eta honek, beste lurraldeetan eskubide urraketak eragin ez ezik, gizon-emakumeak akabatzera iristen da. Hala nola, transnazionalen sarreraren ondorioz, derrigorrezko lekualdatzeak edo desagerpenak ematen dira eta lan esplotazioa hegoaldeko herrialdeetan erabateko hedapena du.

 

-Ideia guzti horiek nola gorpuztu dituzue?
Diskurtsoak zein hausnarketak garatzen joan dira; eta, egun, gizarte jasangarri, justu eta ekitatibo bat eraikitzeko zeharo ezberdina den beste eredu batera igaro behar dugula aitortzen dugu. Zeinak, bizitzaren zaintza eta planeta erdigunean jartzen ditugun. Eta berau lortzeko urrutiko eta gertuko herrialdeetako diskurtsoen, borroken eta mugimenduen artikulazioari eta elkarlanari esker lortuko dugu. Izan ere, aurre egin behar diegun erronkak globalak dira eta erantzunak ere, erresistentziazkoa zein inzidentziazkoak izan behar dira. Gauzak honela, 2015. urtean topaketetako eztabaidetatik agenda bateratu baten eraikuntzara salto egin genuen. Euskal Herria kolektibotasunean eraikiz argitalpenak, lau ardatz estrategikoren baitan (elikadura subiranotasuna, energia, ekonomiaren birkokapena eta zaintzak) egindako eztabaida teoriko eta praktikoen emaitza dugu. Emaitza honek ordea jendarteratua izan behar du, eta honetarako sarean ardatz bakoitzeko aldarrikapenak lehenetsi genituen. Pasa den martxoak 21ean Tipi Tapa Bagoaz hacia vidas SOStenibles lelopean, orain arteko prozesua jendarteratzeko eta adostutako aldarrikapenentzako atxikipen bila hasi ginen.

 

"Kontsumo zanpatzaile bat dugu egun gurean, eta honek, beste lurraldeetan eskubide urraketak eragin ez ezik, gizon-emakumeak akabatzera iristen da".


 
- Zein da kanpainaren helburua?
 Orain arteko emaitzak eta prozesua jendarteratu nahi dugu eta, aldi berean, garapen errukitsu, ekitatibo eta jasangarri baterantz bideratzen gaituzten eztabaida eta praktiketarako guneak sortu nahi ditugu. Horretarako, adostutako proposamen eta aldarrikapenak sozializatuko ditugu, estrategikotzat jotzen ditugun lau ardatzen inguruan: elikadura subiranotasuna, ekonomiaren birkokapena, eredu energetikoa eta zaintzak.
 
- Nolako ekimenak antolatu dituzue?
Batez ere, kale antzerkiak, dokumental emanaldiak, solasaldi-eztabaidak, erakundeekin bilerak, argitaraturiko manifestuari atxikipen kanpaina... Bestalde, Bizitza Jasangarrien epaiketa sinbolikoa antolatzen gabiltza.
 
- Bizimodu jasangarrien bila zabiltzate; nolakoa da gure gizartearen bizimodua egun? Nahikoa egiten al dugu? Zer egin dezakegu?
Galdera horrek primeran islatzen du gure manifestua, izan ere, hamarkadak daramazkigu egungo bizimodua zalantzan jartzen eta planetako baliabideak agortzen dituen kontsumo neurrigabean aldaketak egin behar direla aldarrikatzen. Espezie bizidun izaki, bizitzeko behar duguna naturatik eskuratzen dugu: ekomenpeko izakiak gara guztiz. Era berean, bizirik irauteko, beste pertsonek gu zaintzearen mende gaude: elkarmenpeko izakiak gara. Egungo ekoizpen, banaketa eta kontsumo sistema giza bizitza ahalbidetzen duten oinarrizko menpekotasun horiek aintzat hartu gabe garatu da.
 
Gizarte jasangarriak, justuak eta ekitatiboak eraikitzeko, uste dugu bizitzaren eta planetaren zainketa erdigunean jartzen dituen beste eredu guztiz desberdin batera aldatu behar dugula. Hori lortzeko modu bakarra elkarrekin lan egitea eta diskurtsoak, borrokak eta mugimenduak artikulatzea da. Horregatik, eremu desberdinetako hainbat kolektibok proposamenak adostu ditugu estrategikotzat jotzen ditugun lau ardatzen inguruan: ekonomia pertsonen zerbitzura, deshazkunde energetikoa, elikagai-subiranotasuna eta pertsonen zainketa, bizitzaren jasangarritasunaren euskarri gisa.
 
Manifestu moduan aurkezten ditugun proposamen eta aldarrikapen hauek erakunde publikoei zuzentzen dizkiegu, bizimodu jasangarrietan oinarritutako gizarte justu eta ekitatibo baterako beharrezko trantsizio politikoa gidatzen lagundu dezaten, pertsonen, herrien eta naturaren arteko harreman eta praktika politiko, ekonomiko, sozial eta kultural ekitatibo, solidario eta errespetuzkoak eraikitzearen alde apustu eginez.
 
Norberak, ahal duen neurrian, bizimodu jasangarriago baterantz igaro behar du; esate baterako, energia kontratatzerako orduan, adibidez, Goiener bezalako kooperatiben bazkide eginez, Banka Etikoko bazkide edota kontua bertan zabalduz, Kontsumo taldeetan parte hartuz, herriko produktuak zein merkatariak lehenetsiz, gauzak trukatuz, bigarren eskukoari balioa emanez, asialdia, hezkuntza… aukeratzerakoan era kontziente eta arduratsu batean eginez.
 
Dena den, agian, aurreneko aldaketa, benetan kontsumitzen dugun guztia beharrezkoa dugun galderatik hasi beharko litzateke eta ahal dugun neurrian gure kontsumoak gutxiagotzen hasiz.

 

"Gizarte jasangarriak, justuak eta ekitatiboak eraikitzeko, uste dugu bizitzaren eta planetaren zainketa erdigunean jartzen dituen beste eredu guztiz desberdin batera aldatu behar dugula. Hori lortzeko modu bakarra elkarrekin lan egitea eta diskurtsoak, borrokak eta mugimenduak artikulatzea da".


 
- Zer egin behar du jendeak zuen ekimenarekin bat egiteko?
 
Hasteko tipitapabagoaz.info web orrialdean manifestuari atxiki dakioke. Egiten ditugun ekintza ezberdinetan parte hartu dezake (irekiak izaten dira), bere herrian informazioa eta kanpainaren berri eman nahi baldin badu gurekin harremanetan jarri daiteke ere.
 
Egun, 550 lagun eta 39 elkarte, alderdi, gizarte mugimendu eta sindikatuen atxikipena jaso dugu.
 
Euskal Herrian zein nazioartean zabaltzen gabiltza kanpaina, eta, hemengo udalerri batzuek (batzuetan udala, besteetan herriko elkarteen eskutik) kanpaina berean aurkezteko espazioa eskaini dute; Elburgo, Amurrio, Gasteiz, Lantaron, Hernani, Tolosa, Donostian, Basauri, Muskiz eta Bilbo esate baterako.

Kanpainako komikiaren aurkezpena.

#TIPITAPAbagoaz Hacia vidas SOStenibles kanpaina aurrera doa, baina ekintzak ez dira amaitu! Ekainaren 6an kanpainako komikiaren aurkezpena egingo dute Bilbon eta ekainaren 7an dokumentala ikusiko dute Hernanin.

 

Ekainaren 6an, #TIPITAPAbagoaz bizimodu jasangarrietarantz kanpainako komikiaren aurkezpena egingo dute. Komikia irakurtzeko, zabaltzeko, hausnartzeko eta gozatzeko aproposa da-eta! Aurkezpena arratsaldeko 19:00etan izango da Louise Michel liburudendan. Animatu!

 

Ekainaren 7an, aldiz, Gipuzkoara egingo dute saltoa, Hernanira hain zuzen ere. 19:00etan Plaza feministan elkartuko dira #TIPITAPAbagoaz Hacia vidas SOStenibles dokumentala ikusi eta solasaldia gozatuz, elkarrengandik ikasteko. Animatu!

Amaitzeko, oraindik kanpainako manifestuaren alde sinatu ez baduzu, orain duzu aukera! Hemen sartu eta sinatu!

 

Jaso aldizkaria

Urtean 25€

Kultur apur batek ez dizu kalte egingo. Zauden tokian zaudela jaso GAZTEZULO

Harpidetu