Tintak terapeutikoak direnean

Tintak terapeutikoak direnean Azala marrazteak errito kutsuko esanahi sinbolikoak eduki ditzake. Esklabuak eta gaizkileak markatzeko ere erabili izan da. Apaingarri huts gisa funtziona dezake edota talde-kidetza jakin bat adierazteko. Zerbaiten oroigarri... Ez dira gutxi tatuajeen zentzuak. Azken urteotan, gero eta gehiago, hauen zeregin terapeutikoa garatzen ari da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tintak-terapeutikoak-direnean/@@download/image/MIKROPIGMENTAZIOA_azala.jpg
2017/02/21
erreportajea

Igone Mariezkurrena

Azala marrazteak errito kutsuko esanahi sinbolikoak eduki ditzake. Esklabuak eta gaizkileak markatzeko ere erabili izan da. Apaingarri huts gisa funtziona dezake edota talde-kidetza jakin bat adierazteko. Zerbaiten oroigarri... Ez dira gutxi tatuajeen zentzuak. Azken urteotan, gero eta gehiago, hauen zeregin terapeutikoa garatzen ari da.
Tintak  terapeutikoak  direnean

MIKROPIGMENTAZIO BIDEZKO BERREGITEAK

Istripu nahiz ebakuntza batek eragindako zauri eta orbainek, mastektomiek eta bestelako anputazioek, edota kimioterapia bezalako tratamendu bortitzen ondoriozko ile-galerak segurtasuna eta autoestimua galtzera eraman gaitzakete. Modu bateko edo besteko zorigaiztoaren marka horiek estaltzea, disimulatzea eta, zenbait kasutan, nabarmentzea edo apaintzea bilakatu da tatuatzaile askoren misio.


Aldaketa aurreko itxurara ahalik eta fidelen hurbiltzea izaten da paziente/bezero askoren nahia: anputatutako titi-burua eta areola, maila bisualean besterik ez bada ere, berreskuratzea.


Lourdes Gomezek, Maqperma firmapean, urteak daramatza estetika-klinika batetik bestera mikropigmentazio teknikaren bitartez halakoak egiten. “Bularrak gorputzaren ezaugarri garrantzitsua dira emakume askorentzat, eta minbizi baten ondorioz bat edo biak galtzea traumatiko samarra gerta dakieke, ispilura begiratu eta ez dute euren burua errekonozitzen. Horrek, zenbait kasutan, mugatu egiten ditu bikotekidearekin harremantzeko edota erlazio sexualak edukitzeko; eta zer esanik ez, hondartzan adibidez, jendaurrean biluzteko!”, dio. Oinarrian, hortaz, motibazioa estetikoa eta psikologikoa da, eta ez du adinik gainera: “Zoritxarrez, gaitzak emakume gazteak, helduak zein zaharrak kolpatzen ditu; 90 urtetik gorako andre batekin ere egin izan dut lan!”

Pigmentu naturalak, gainazalean injektatuta
Mikropigmentaziorako erabiltzen dituzten tintek pigmentu naturaletan dute jatorria eta, ondorioz, lortzen duten kolorazioa ere halakoa da. “Tatuatzaileek baino maila azalekoagoan egiten dut lan, ez dut orratza hain sakon sartzen, eta beraz, teknika leunagoa dela esango nuke.

Pigmentuak gainazalean geratzen direnez, ez dira erabat iraunkorrak; apalduz doaz eta bi urteren buruan desagertu egiten dira”. Azken hau abantaila handia dela dio: “Denborarekin azalak trinkotasuna eta elastikotasuna galtzen ditu, erori egiten da, eta oso interesgarria da aldiro-aldiro mikropigmentazioa oinarri berri horretara egokitzea”. Itzalekin eta iluntasun-maila ezberdinekin jokatuz, marrazki tridimentsionalak lortzen ditu. “Sortzen ditudan titi-buru eta areolek ez dute bolumenik jakina, baina efektua antzekoa da”.


Aplikazio paramediko hau ez da berria, baina onkologoek eta zirujauek beraiek aholkatuta gero eta bezero gehiago hurbiltzen zaizkio. “Orain gutxi arte medikuntza estetikoaren bitartez bularrak bere osotasunean berregitea izan da joera nagusia; anestesia orokorra aplikatu eta ebakuntza egitea. Halakoetan, antzeko ehunak eta sentsibilitatea dituzten guneetatik, bagina inguruko ezpainetatik adibidez, azal-puskak hartu eta titi-buru eta areola berriak egiten dituzte, bolumendunak, behar izanez gero silikonazko inplanteen gainean josteko. Nire lana, kasu horietan, koloreztatze hutsa izaten da”. Ebakuntza hauen emaitza estetikoa ezbairik gabekoa da, baina prozesu gogorra ere bada: “Mastektomiak eta kimioterapia saio gogorrak bizi izan dituzten emakume askok ez dute ez indarrik ezta gogorik ere izaten berriro kirofanora sartzeko. Horregatik, krema anestesiko apur batekin antzeko emaitza bisuala lortu ahal izatea konbentzitzeko moduko proposamen erakargarria da”.

Bi eguneko saioak
Lourdes Gomezek bi lan-saio planteatzen ditu bezero bakoitzarekin: “Beste ezer baino lehen, ezinbestekoa da visagismo deritzon lana egitea; bezeroaren ezaugarri fisikoak aztertzea, horrek ematen baitizkit lehen zirriborro bat marrazteko irizpideak”. Parte hau bereziki delikatua da bular bakarra denean kaltetua eta, beraz, berregin beharrekoak osasuntsuaren ahalik eta antza handiena eduki behar duenean. “Paper gaineko diseinua bezeroarekin adosten dut. Konforme badago, azal gainean marrazten diot behin behinekoa, emaitza ikusteko-edo. Honekin ere ados badago, orratza hartzen dut eta lanari ekiten diot. Hilabeteren buruan berriro ikusten ditut bezeroak, azalak pigmentua ondo xurgatu duela bermatzeko”.


400 euro inguru balio du bi eguneko saioak. “Pigmentuak homologatuak dira, orratzak erabili eta botatzekoak, materiala Alemaniatik ekartzen dut... kalitateak prezioa garestitzen du, eta pena da tratamendu hau edozein emakumerentzat eskuragarria ez izatea. Osasun sailak bere gain hartu beharko luke, Frantzian gertatzen den bezala”.

 

ORBAINAK APAINTZEA

Felix Tattoo estudioko Felix aspaldiko ezaguna da tatuaje zaleen artean. Berak ere egin izan ditu berregite fidel-fidelak, baina azkenaldian joera aldatzen ari dela dio: “Titi-buruak, areolak... tatuatu izan ditut, baita kimioak kaltetutako bekainak ere ilez-ile! Orain, ordea, gero eta gehiagok aldatu dute txipa eta animatzen dira gaitzaren markak marrazki artistikoekin edertzera, ezer berregin gabe. Emaitza askoz alaiagoa da eta horrek gaixotasunaren arrastoa maila fisikoan ez ezik psikologikoan ere ezabatzen laguntzen du”.


Gehienek loreak eta adar edo linea dekoratiboak aukeratzen dituztela dio: “Itzal suabeekin saiatzen naiz tatuajeak ahalik eta gehien leuntzen, fintzen eta gozotzen; ez daitezen partxe bortitzak izan azal gainean, baizik eta gorputzean ahal bezain beste integratutako luzapenak. Trazu beltz eta lodiak ekiditen ditut beti, marrazki arinak bilatzen ditut, ahalik eta likidoenak”.


AUTOESTIMUA BERRESKURATU

Jendea soluzio estetiko bila datorkio Felixi, baina batez ere kemena irabazten dute. “Niregana hurbiltzen direnean, gainerako bezeroekin bezalaxe, eurekin komentatzen dut zer nahi duten eta abar. Orduan, batzuetan, gaitzari buruz hitz egiten hasten zaizkit baina, gainerakoan, hori saihesten saiatzen naiz. Ez dut nahi pentsa dezaten ezer estaltzera datozenik, baizik eta, besterik gabe, tatuaje bat egitera, euren burua apaintzera beste zamarik gabe, eta horrekin goza dezaten”.

Orain urte batzuk Nafarroako Klinika batetik lan eskaintza iritsi zitzaion, klinikak zerbitzu hau ere eskaini nahi zien gaixoei, baina Felixek ezetz esan zuen: “Egia da poza izugarria dela ikusten duzunean emakume hauek beren konfiantza zugan jarri eta emaitzarekin kontent daudela, autoestimua berreskuratu dutela. Hau giro klinikoan bizitzeak, ordea, ez ninduen konbentzitzen; uste dut hobe dela horrela, nire estudiora etor daitezela, normaldu dezagun kontua! Ez dira gutxi mastektomia baten ondorioz etorri eta tatuajeekin engantxatuta bukatu dutenak!”