TikTok eta Estatu Batuetako protestak

Nerabeen sare sozial bezala ezagutu izan da hasieratik TikTok plataforma: bikoizketak, koreografiak eta gai sozialei lotuta ez dagoen umorea. Aplikazio ezagunak 2.000 milioi deskarga ditu mundu osoan eta 500 milioi erabiltzaile aktibo. Horietako asko Estatu Batuetan, berrogeialdian batu dira. Beraz, plataformak espero gabeko hazkundea jasan du eta hori dela eta orain eduki anitzagoak aurkitu daitezke bertan. Eduki horien artean politika ere sartu da ezinbestean. Izan ere, Estatu Batuetan George Floyd-en erailketa arrazistaren protesten ondoren TikTok-en jazoera aurkako edukiak nabarmendu egin dira.
TikTok-en gauzarik interesgarrienetako bat, edukia igo duen pertsonak ahalbidetzen badu bederen, edukiak deskargatzeko aukera da oso modu errazean. Honek zerbait berehala biralizatzea ahalbidetzen du, eta nahiz eta TikTok-en bertan ez arrakasta berezirik izan, beste sare sozialen bidez milioika pertsonengana iritsi daiteke mezu bat.
Sare sozial honen beste alderdi interesgarri bat memei beste irakurketa bat emateko ahalmena da, hain zuzen aurretik mezurik ez zuten eduki edo memeak aldarri politiko bilakatuz. TikTok-ek beti eskaintzen du esteka bat musika edo soinuak gehitzeko bideoari. Horrela, badago challenge bideo bat non pertsonek ispilua garbitzen duten eta beste pertsonetan bilakatu, adibidez Will Smith Men in Black pelikulako J agentean. Eredu hau hartuz Leanora deitutako afroamerikarrak berdina egiten du eta ispiluan Stop Killing Us irakurri daiteke, hau da, utzi jada gu hiltzeari. Horrela, inongo mezurik ez zuen erronka hau mezu politiko bilakatu da.
George Floyd-en homenez egindako TikTok-ak ere ugariak izan dira bere erailketaren ostean. Protesta kantu bilakatu dena Childish Gambino-ren This is America kantuaren nahasketa bat da. Kantu originala bera jada politikoa bada, Poat Malone-ren Congratulations abestiarekin nahastuta zapalkuntzaren eta arrazismoaren aurkako ereserki bilakatu da eta TikTok-en milaka eta milaka pertsonek elkarbanatu dute.
TikTok-en eduki politikoaren hazkuntzaren aurrean, erakundeak barkamena eskatu behar izan du, salaketa publikoak zabaltzen hasi baitziren esanez #blacklivesmatter etiketa zentsuratzen ari zela TikTok. Izan ere, traola horretan sakatzean 0 bistaratze izan zituela azaltzen zen. Honen aurrean, arazo tekniko bat izan zela esan zuen plataformak, baina erabiltzaile askok aipatu dute askotan aldatzen direla algoritmoak zenbait eduki gehiago ikus daitezen eta beste batzuk ez, argi ez dauden irizpideen arabera.
Alta, Trump suari egurra botatzen ari den bitartean bere adierazpenekin, TikTok amorrua sormenarekin uztartuz protestak zabaltzeko tresna ezinbestekoan bilakatzen ari da salaketa politikoak egiterako orduan.