Gaizka Izagirreren gomendioa: 'Elio'
‘ELIO’
⭐⭐⭐(3/5)
Madeline Sharafian eta Domee Shi
95 minutu
Disney +
Pixarren ezaugarri bereizgarria haurren irudimena pizten duten istorioak eskaintzea izan da beti, helduen bihotzera ere heltzen diren mezu sakon eta konplexuekin uztarturik. Elio-k bi mundu horien arteko oreka bilatzen du: hurbilak eta emozionalki aberatsak diren Lurreko pasarteek sakontasun handia eskaintzen duten arren, pantailan gutxiegi irauten dute; ahulenak diren pasarteek, espaziokoek eta tonu infantilagoa dutenek, aldiz, metrajearen zati handiena betetzen dute. Istorioaren bihotza Lurreko pasarteetan dago, eta hari denbora gehiago eskaini izan baliote, Pixarren film onenen artean egongo litzateke. Espazioan gertatzen den guztiari dagokionez, izaki eszentrikoz betetako eszena koloretsuen festa da. Umeek gozatuko dute, baina tarte batzuetan gehiegizkoa, gogaikarri samarra eta oso azalekoa da. Alde on asko ditu, baina, zoritxarrez, ahulagoak diren elementuek pisu handiegia hartzen dute.
Onena: Lurreko pasarteak.
Gustatuko zaizu gustatzen bazaizu: Coco (Lee Unkrich, Adrián Molina, 2017).
