TikTok bidezko gazteentzako 'Bziber' lehiaketa bihar abiatuko da

TikTok bidezko gazteentzako 'Bziber' lehiaketa bihar abiatuko da Edurne Azkarate aktoreak Gabonen inguruko lau erronka botako dizkie 11 eta 16 urte bitarteko gazteei TikTok sarean burutzeko, eta erronka bakoitzeko bi saritu izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tiktok-bidezko-gazteentzako-bziber-lehiaketa-bihar-abiatuko-da/@@download/image/baziber.png
2021/12/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Edurne Azkarate aktoreak Gabonen inguruko lau erronka botako dizkie 11 eta 16 urte bitarteko gazteei TikTok sarean burutzeko, eta erronka bakoitzeko bi saritu izango dira.
TikTok bidezko gazteentzako 'Bziber' lehiaketa bihar abiatuko da

TikTok sarearen bidez egindako euskara hutsezko lehen lehiaketa da Bziber, eta gazteek erabiltzen dituzten sareetan euskarazko edukiak sortzea eta erreferente euskaldunak indartzea du helburu. Azkue Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lankidetzan antolatutako aurreko hiru edizioen harrera ona ikusirik, lehiaketa abenduaren 28tik urtarrilaren 5era martxan jartzea erabaki dute, gazteen Gabonetako oporraldia baliatuz.

Euskaraz dakien 11 eta 16 urte bitarteko gazte orok parte hartu ahalko du ekimenean, jatorria edozein dela ere. Hain zuzen ere, diasporako gazteen artean zabaltzeko ahalegin berezia egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Parte hartzeko Bziber Lehiaketaren Instagram eta TikTok kontuak (@bziber_lehiaketa) jarraitu eta erronkak igo behar dira sarera. Halaber, edizio honetan modu pribatuan parte hartzeko aukera ere izango da, bideoak publiko egin gabe.

Edurne Azkarate aktore eta lehiaketaren gidariak TikTok sarean Gabonekin lotutako lau erronka botako dizkie gazteeiproba horiek gaindi ditzaten, nahi duten moduan. Abenduaren 28tik 31ra egunean proba bana argitaratuko dituzte eta urtarrilaren 3an amaituko da parte hartzeko aukera. Hurrengo egunean balorazio erronka egingo dute eta urtarrilaren 5ean irabazleen izenak iragarriko dituzte. Lehiaketaren inguruko xehetasun guztiak web-orrian daude eskura. 

Gazteek teknologiarekin lotutako sarien zozketan parte hartzeko aukera izango dute. Proba edo erronka bakoitzeko bi saritu izango dira, hau da, guztira zortzi irabazle izango ditu lehiaketak. Irabazle bakoitzak 100 euroko balioa duen saria jasoko du: TikTok kutxa (argi gurpila eta kroma egiteko tresnak) eta Bziber markako arropa.

Edurnerekin batera, gazteentzako erreferente diren hainbat lagun eta tiktoker arituko dira probak zabaltzen sareetan, tartean,Goazen! telesailean Juneren paperean aritzen den Lorea Intxausti (@lorea_intxausti), Goazen! telesailean Markelen azalean aritzen den Asier Burgete (@asierburguete0), eta Libe Beitia (@libebeitia) tiktokerra.