The Sparteens taldeak estreinako diskoa aurkeztu du

The Sparteens taldeak estreinako diskoa aurkeztu du https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-sparteens-taldeak-estreinako-diskoa-aurkeztu-du/@@download/image/20105284167The_Sparteens_I.jpg
2012/12/13
berria
'Grandes exitos del ayer' honek azken hamarkada hauetan euskal musikagintzak emandako lan mitikoak berreskuratu eta Twist esparrura ekarri ditu. Ikusi eta Ikasi (Delirium Tremens), Egunsentian (Kuraia), Jo Ta Ke (Su Ta Gar), Zu atrapatu arte (Kortatu) edo Txus (La Polla Records) bezalako kantuak yeye kutsuko pieza dantzagarriak dira Iparraldeko hauen eskuartzeari esker.

Azken boladan tantaka-tantaka helarazi dizkiguten betiko abesti arrakastatsuen moldaketak Grandes exitos del ayer izenaz bataiatu duten disko honetan bildu dituzte, "bizitza osoko kantuen bilduma" da, hortaz, euren hitzetan.

The Sparteens egitasmoa afaloste luzeetako txantxetatik jaio zen, eta horrela egin zituen lehenengo urratsak: "broma bat bezala". Hastapeneko txantxa hark forma hartu du, ordea, eta Iparraldeko lagunek estreinako diskoa aurkeztu berri dute orain. Ziklo hau itxita "lasaitu ederra" hartu dutela diote, lortu dute azkenean. Hori bai, aurrera begirako proiekturik ez dute baztertzen eta, nahiz eta ez oso ozenki, film bat grabatzearen ideia ere aipatu dute.
Twistaren zale amorratuak dira: "Herri Urrats batean egin genuen lehenengoz proposamena, eta, egia esateko, egiten ditugun guateke guztietan funtzionatzen du". Gazteok gortzen ari garela diote The Sparteensekoek eta, horregatik, mantsoago eta bareago entzuteko moduko zerbait dakartzate esku artean. Ez omen dituzte jatorrizko abestien melodiak gehiegi ukitzen, "akordeen aberastasunari esker lortzen dugu yeye kutsua ematea".

Diskoaren aurkezpena euren ahotik entzun nahi baduzu, ikusi bideoa facebooken.