The Solanos: "Zerbait berezia egin nahi genuen"

The Solanos: "Zerbait berezia egin nahi genuen" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-solanos-quotzerbait-berezia-egin-nahi-genuenquot/@@download/image/58p37-1.jpg
2005/12/02
elkarrizketa
The Solanos: "Zerbait berezia egin nahi genuen"
Etzakit eta Lau Itzal taldeetan aritutako Xabi Solano dago The Solanos proiektu berriaren atzean. Capo italiarrei keinu egiten dien talde honek lehen diskoa kaleratu berri du Metak diskoetxearekin. 

Taldeko bi kide Fermin Muguruza Kontranbandan aritu zineten. Orduan sortu al zen The Solanos?
Bai, ni Fermin Muguruza Kontrabandaren biran nenbilenean sortu zen ideia. Kantuak ondoren sortu genituen, pixkanaka.

Zure kasuan, zer suposatu du Ferminekin bira luzeak egiteak?

Urtebeteko bira mundiala izan zen; mundiala, leku askotan izan ginelako, eta mundiala, ikaragarria izan zelako. Profesionalki eta pertsonalki, aberasgarria izan da niretzat. Jende askorekin lan egiten ikasi dut, eta Euskal Herritik kanpo lana nola egin behar den ikusi dut.

Zer dela eta "
The godfather" filmeei egindako keinu hori, eta denak gaizkile edo capo gisa aurkeztea?
Taldearen ideiarekin bueltaka ari ginenean, zerbait berezia egin nahi genuen. Kontzertuetan, batez ere, antzerki pixka bat eskaini nahi genuen musikaz gain, eta horretarako, polita iruditu zitzaigun italiar mafiosoez janztea, eta horren inguruan istorio bat asmatzea. The Solanos izena "The Sopronos" telesailetik atera zen.

Jendeak nola hartu du proiektua?

Oraingoz oso gustura ari gara jotzen, guk ondo pasatzeaz gain, jendeak gehienetan partehartze handia izan duelako. Kontzertu batzuk besteak baino hobe atera dira, baina oro har, oso kontent gaude.

Nola definituko zenuke lehen disko hau?

Batez ere, disko freskoa da, talde osoaren espiritua adierazten baitu. Punk ukitua du, baina aproposa da jaia, parranda eta dantza egiteko.

Joxe Ripiau al da zuen erreferentzietako bat?

Ez dugu erreferentziarik, baina egia da taldekide bakoitzak bere aletxoa ipini duela. Beraz, beti nabarituko da Etzakit edo Joxe Ripiau bezalako taldeen eragina.

Zer dela eta bururatu zitzaizuen "
Pulp fiction" pelikulari egindako keinu hori?
Zuzeneko emanaldietan hasi ginen kantu hori jotzen, gure mafioso itxurarekin bat datorrelako, eta gustuko dugulako. Trikitixarekin uztarturiko bertsioa egin genuen, eta kontzertuetan jendeak ondo hartzen duela ikusita, diskoan sartzea erabaki genuen.

Lehenik Etzakit taldea sortu zenuen, ondoren Lau Itzal, eta orain The Solanos. Hiruren artean loturarik bada?

Bai, egon daiteke, baina elkarrekin zerikusi gutxi dute. Nire bizitzako etapak izan dira guztiak, eta une bakoitzean gehien gustuko dudana egin dut. Gaur egun, The Solanos da hori.