The Social Network filma: modem telefonikoa, zuntz optikoa, adsl, David Fincher

The Social Network filma: modem telefonikoa, zuntz optikoa, adsl, David Fincher https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-social-network-filma-modem-telefonikoa-zuntz-optikoa-adsl-david-fincher/@@download/image/20101022167Facebook.jpg
2012/12/13
berria
Aitor Abaroa
The Social Network filma: modem telefonikoa, zuntz optikoa, adsl, David Fincher
Telebistako iragarkietan behin eta berriro saltzen digute Interneteko konexiorik azkarrena. Musika, argazkiak, filmak ahalik eta azkarren jaisteko. Abiadura, azelerazioa, bizitasuna, estimulu konstantea sentitu nahi duenak, ordea, badu bide errazagoa: zinema-aretora joan dadila: "Bat (hobe bi badira) Facebookekoa ikusteko". Eseri eta prestatu. Bizkor, ez galdu denbora gehiegirik berokia kentzen eta mugikorra itzaltzen. Bai, ia bi orduko iraupena du filmak, baina zistu bizian pasako zaizu!

Lehenengo sekuentzia. Seigarren martxa zuzenean. Muntaketa paraleloa, zoragarria. Neska-lagunak Mark Zuckerberg utzi du / Neska talde bat ahalik eta ikusgarrien jarri eta autobusean sartu dira.  Hisiaz, Harvardeko egoitzetako ordenagailuak hackeatu eta neska guztien argazkiak lortu ditu / Omega Pi Beta fraternitate horietako batera heldu dira. Internetez inkesta halako bat pasatu du, neska ederrenen alde bozkatzeko / Mutil zangar pila dute zain. Bi ordutan, 22.000 bisita / Bi ordutan, alkohola, drogak eta sexua. Frenetikoa. 

Hortik aurrera, Zuckerbergen eta epaiketara eraman zuten lagunen eta hauen abokatuen arteko elkarrizketak, eta haria jarraituz, Facebooken sorrera eta hedapen prozesua tartekatzen dira. Istorioa ezin hobeto gidatzen du David Fincherrek; zalantzarik gabe, momentuko zuzendaririk dohaitsuenetakoa. Aaron Sorkinen gidoia zoragarria da, inteligentea, iluna eta batez ere, pertsonaiak pintzel finez marrazten dituena. Hala, Jesse Eisenbergek bikain gorpuzten du Mark Zuckerberg anti-heroia. "Neskek ez zaituzte gorrotoko frikia izateagatik, ergela izateagatik baino", dio jada neska-laguna ez denak. Ez da ergela, gaixoa, inozoa baizik. Harrapariz betetako munduan, dollarren berdearen ordez programazioko letrak baino ikusten ez dituen inozoa. Alua bezain maitagarria.  

Amaitu aurretik, bi detaile azpimarragarri. Etengabeko irudi eta hitz-jario festaren artean, Fincherrek ez du ahazten bere lezio zinematografikoa: Harvard-Yale estropada gozamen bisual goitarra da. Eta ohiko orkestra sinfonikoen aldean, Trent Reznorren (Nine Inch Nails) gitarra elektriko eta base elektronikoak zirraragarriak dira. Irudiak filmaren azala badira, kasu honetan, musikak oiloipurdia jartzen du.  

Fitxa:
Izenburua: The Social Network
Zuzendaria: David Fincher
Aktoreak: Jesse Eisenberg, Justin Timberlake, Andrew Garfield
Iraupena: 120 minutu.

Non dago ikusgai?
Gasteiz: Guridi, Telmo Gorbeia 3D
Bilbo: Capitol, Golem Alhondiga, Zubiarte,
Barakaldo:Coliseo Max Ocio, Yelmo Megapark
Getxo: Lauren Getxo
Leioa: Cinesa Artea
Portugalete: Ballonti
Santurtzi: Serantes
Donostia: Antiguoberri, Ocine La Bretxa, Principe
Errenteria-Orereta: Niessen
Irun: Cinebox Mendibil, Txingudi
Usurbil: Cinebox Urbil
Baiona: CGR Centre
Angelu: Moncine
Iruñea: Golem Baiona, Golem La Morea, Saide Carlos III
Tutera. Ocine
Uharte: Itaroa
Viana: Las Cañas