The Scientists, Australiako rock zingiratsua

The Scientists, Australiako rock zingiratsua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-scientists-australiako-rock-zingiratsua/@@download/image/73p74_1_1365089675.jpg
2007/04/06
erreportajea
Gaztezulo
Hilaren 13an, Noise on Tour Rocks jaialdian, The Scientists banda mitikoa ariko da Bilboko Kafe Antzokian. Haiekin batera, Flaming Sideburns finlandiarrak eta Tokyo Dragons ingelesak izango dira.

The Scientists bandak rock zingiratsua izeneko doinua sortu zuen Australian, eta hamaika talderengan eragin du; besteak beste, Jon Spencer Blues Explosion eta Mudhoney estatubatuarrengan, eta Atom Rhumba euskaldunengan. Henry Rollins musikariak behin esan zuen, The Scientistseko buru Kim Salmon Australiako altxor nazionala zela.

Izan ere, The Scientists Kim Salmonen egitasmo nagusia da. Taldea 1978an sortu zuen Perth hirian. Hasieran, punka, rocka eta power popa jorratu zituzten arren, pixkanaka doinu horiek alde batera utzi zituzten, eta erritmo hipnotikoz jositako blues kutsuko rock and roll primitiboari heldu zioten. Zientzialarien apustu hartan, Suicide bikotearen rock elektronikoaren eta Link Wray gitarra jotzaile mitikoaren oihartzunak —biak, AEBetakoak— antzeman zitezkeen; Salmonek bazuen zingiretako rockaren formula.

Zenbait single grabatu ostean, 1983an, Blood red river disko laburra argitaratu zuten; bertako sei kantek musika underground-a irauli zuten. Ingalaterran oso ezagun bihurtu ziren. Eta 1984an, Weird love disko luzearen txanda iritsi zen. Europan  hamaika bira egin ondoren, 1987an The human jukebox diskoa karrikaratu zuten. Urte berean, hala ere, taldeak trasteak utzi zituen, eta Salmonek Kim Salmon and The Surrealists proiektua abiatu zuen; funk eta soul kutsu handiagoa zuen hirukoteak.

Sei gitarra eta bi bateria

Hala ere, Kim Salmonek ez du sekula musika alde batera utzi. Hortaz, noizbehinka, taldekide zaharrekin elkartzen da, eta lantzean behin, kontzertuak eskaintzen ditu. Ez hori bakarrik; oraintsu Rock formations diskoa argitaratu du, Salmon egitasmoarekin. Bertan, Melvins edo Black Sabbath taldeengandik gertu dauden doinuak grabatu ditu, bi bateria eta sei —bai, sei!— gitarrekin.