The Leftovers

The Leftovers https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-leftovers/@@download/image/telesaila_01_1449665019.jpg
2015/12/15
erreportajea
TESTUA: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
The Leftovers
Bat-batean munduko biztanleriaren %2a desagertu egin da. Inork ez daki non dauden, zer gertatu den. Hala, maite dituztenak galduta, gainontzeko %98ak egoerari aurre egin beharko dio. Baina nola? Telesailetan erreferente dugun HBO kateak erakutsiko digu.


Urtea:
2014-2015.
Sortzaileak: Damon Lindelof (Lost) eta Tom Perrotta.
Herrialdea: AEB.
Denboraldiak: Bi; bigarrena martxan.
Atal kopurua: 50-60 minutu bitarteko hamar atal denboraldiko; atal pilotuak 72 minutu.

ZERGATIK IKUSI 
• HBO zigilua nahikoa arrazoi da, baina honen ekoizpen guztien artean anbiziotsu, ausart eta originalena izan daiteke The Leftovers
• Bitxia bezain erakargarria da, eta misterioz eta suspentsez beteta dago. Gainera, atal bakoitzetik hainbat eztabaidagai eta irakurketa atera daitezke.
• Todd McMullenen argazkiak eta Max Richtereren soinu banda ikaragarriak sortzen duten atmosfera ikusgarria da, brutala.
• Pertsonaiak aurkezteko zein garatzeko modua apartekoa da, baita aktoreen lana ere. Guztien gainetik Carrie Coonen lana azpimarratuko nuke, Nora Dursten paperean. 
• Mina, bakardadea eta desorientazioa gutxitan landu direlako telesail batean hain modu indartsuan.

BINGE WATCHING 
• Bai, baina hiru atal segidan gehienez. Minutu gehiegi pilatzeak gogaitu egin zaitzake.

BITXIKERIAK
• Lehen denboraldian Tom Perrotaren eleberriko eduki guztia moldatu zuten. Ondorioz, bigarren denboraldiari beste ikuspuntu bat eman diote eduki berriak sortuta. Gezurra badirudi ere, bigarren denboraldiak lehena hobetu du.
• Liburuan Mapleton hiriko alkatea dena, Kevin Garvey (Justin Theroux aktorea), telesailean polizia da.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
Lost (2004-2010).