The Last Samurai (El ultimo samurai / Le dernier samourai) ***

Epika eta lirismoa uztartzen ditu Edward Zwick zinemagileak The Last Samurai drama ikusgarrian. Istorioa XIX. mendearen amaieran dago girotua. Sasoi hartan, Japoniak Mendebaldeari zabaldu zizkion ateak. Modernizazioari, nonbait. Ez zibilizazioari, ordea. Nathan Algren kapitain ohia kontratatuko du Meiji enperadoreak bere tropak gerra modernoan treba ditzan. Sezesio Gerran eta tribu indiarren aurkako borrokan hartu zuen parte Nathanek duela urte batzuk, eta sekretu gordin bat ezkutatzen du. Enperadoreak bere aginduen aurka matxinatu diren samuraiekin amaitu nahi du. Baina, bataila batean, Nathan zauritu eta preso hartuko dute. Samuraien artean dela, haien bizitza filosofiarekin liluratuta geratuko da gaztea. Eta, horretaz gain, maitasunarekin ere egingo du topo. Tom Cruise izarraren luzimendu hutserako atondutako ekoizpen hanpatu eta estetizista da. Zwick formalki Kurosawaren estiloa imitatzeko gai den arren, edukiaren alorrean ez du sekula zinemagile japoniarraren maisulanen sakontasunik lortzen. Eta, tarteka ere, sentimentalegia da. Hala ere, pelikula entretenigarri samarra da