THE GARAGE GASTEIZ ARETOA JAIO DA

Gasteizeko San Anton plazako 5. zenbakian kokatutako lokal handia bihartik aurrera The Garage Gasteiz deituko da. Espazio berritzailea da eta bertan talde eta DJ ezberdinez gozatu ahal izango da, billarrean edo pinball-ean jokatzeko aukera egongo da, diskoak (Vinylora binilo dendak bere txokoa edukiko du bertan) edo arropak erosteko aukera ere egongo da, jatekoa eta edatekoa ere bai, pelikulak eta dokumentalak ikustekoa, erakusketak behatzekoa edo hitzaldi batera joateko aukera ere izango duzu. Hori guztia eta gehiago egin ahal izango da sabai berberaren azpian. Antolatzaileen helburua diziplina artistiko ezberdinak bultzatzea da: musika, aisia, entretenimendua, moda, artisautza, argazkilaritza, zinea...
Inaugurazioa bihar bertan izango da. Gaueko hamarrak arte doako edana egongo da, baina ondoren ere festak jarraituko du David Van Bylen eta Yahaira DJ-ekin. Bitartean lokalaz ezagutzen diren argazkiak uzten dizkizut hemen behean eta oraindik osatzen ari diren aretoaren web gunea. Behin weba operatibo dagoenean bertan iragarriko dituzte datozen ekitaldi ezberdinak, adi egon beharko da beraz!
Zein beharrezkoak diren horrelako arnasguneak, noizean behin bada ere, betiko kontsumo ereduetatik ihes egiteko. Gora The Garage Gasteiz!