Musika denda berri bat loratu da

Musika denda berri bat loratu da Zoratuta egon behar da mundu honek inposatzen digun erritmoan bizitzeko edota mundu modernoaren erritmoak zoratzen gaitu. Bata edo bestea dela, badira batzuk gizarte frenetiko honetan beren erritmo propioa bilatzen saiatzen direnak. Nalda anaiek erritmo propioa izateaz gain, musika andana ere badute eta horiek guztion eskura jarri nahi izan dituzte Vinylora musika dendaren irekierarekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/musika-denda-berri-bat-loratu-da/@@download/image/ebe296e0-2a95-11e9-9c6b-cfc0efff42de-rimg-w921-h280-gmir.jpg
2019/02/22

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei 

Zoratuta egon behar da mundu honek inposatzen digun erritmoan bizitzeko edota mundu modernoaren erritmoak zoratzen gaitu. Bata edo bestea dela, badira batzuk gizarte frenetiko honetan beren erritmo propioa bilatzen saiatzen direnak. Nalda anaiek erritmo propioa izateaz gain, musika andana ere badute eta horiek guztion eskura jarri nahi izan dituzte Vinylora musika dendaren irekierarekin.

 Otsailak 16an inauguratu zen denda biniloak eta CDak saldu eta erosteko tokia izateaz gain, musika entzun eta musikaz hitz egiteko gunea ere bada. Gasteizen, Correria 19 kalean dagoen denda xarmantean aurki ditzakezu Morphine taldearen diskotzarrak, Jeff Buckley-ren Grace liluragarria eta baita Julio Iglesias ere! Aniztasunean baitago aberastasuna baina baita gauzak serioegi ez hartzean ere.

Era digitalaren aroan musika fisikoa aldarrikatzea erokeria hutsa izan liteke batzuentzat, gehienontzat ordea, berri pozgarria da zinez. Musika ez baita soilik norbere etxeko bakardadean entzun beharrik, eskuz-esku partekatu daiteke, gustuko musikak sentiarazten dizunaz besteekin hitz egin dezakezu, jende berria ezagutu eta musikatik harago doan esperientzia osoa bizitu. Musika denda bat inoiz ez baita transakzio komertzialak burutzeko leku soil bat. Urte askotarako Vinylora!