"The Evidence Project", etorkizun jasangarriago baterako argazkiak

"The Evidence Project", etorkizun jasangarriago baterako argazkiak Munduko irudi erreportari onenetako batzuen lanak biltzen ditu "The Evidence Project" argazkilaritza proiektuak. Bere helburua? Krisi klimatikoa, bioaniztasuna eta pandemien jatorrien inguruan hausnartzea da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-evidence-project-etorkizun-jasangarriago-baterako-argazkiak/@@download/image/Captura de Pantalla 2022-07-04 a las 13.23.21.png
2022/07/06

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Munduko irudi erreportari onenetako batzuen lanak biltzen ditu "The Evidence Project" argazkilaritza proiektuak. Bere helburua? Krisi klimatikoa, bioaniztasuna eta pandemien jatorrien inguruan hausnartzea da.
"The Evidence Project", etorkizun jasangarriago baterako argazkiak

Argi dago argazkilaritza kontzientziak astintzeko iturri bikaina dela. Urruneko lekuetako tragediak erakusteko tresna ezin hobea da. Egungo hainbat arazoren inguruan irudien bitartez hausnarketa bultzatzeko asmoz sortu dute Britta Haschinski, Keith Wilson ets Arturo Frias-ek The Evidence Project. Bertan 100 argazki bildu dira munduko argazkilari onenen lanak bilduz. 

Argazki hauek inspirazio iturri bihurtu nahi dute gobernuek, erakundeek eta kontsumitzaileek ekintzak burutu ditzakete etorkizun jasangarriago baten alde. Proiektuak izen bereko liburua ere kaleratu du. Hemen behean bertan aurkitu daitezkeen irudi batzuk:


Bale konkorduna (bere kumearekin)
Ikerketa ezberdinek garbi erakutsi dute animalia miresgarri hauek itsas ekosisteman betetzen duten rol ezinbestekoa. Baleak dauden lekuan fitoplanktona da. Izaki nimiño hauek arnasten dugun oxigenoaren, gutxi gora behera, erdia askatzen dute atmosferara. Nazio Batuen ikerketa baten arabera, gainera, baleek ere krisi klimatikoaren borrokan ezinbesteko lekua dute. Estimatzen da hiltzen direnean, euren gorpuak itsas hondora prezipitatzen direla eta bertan 37.000 milioi tona dioxido karbono biltzen dituztela urtero.

 
Erretratu krudela
Modu basatian bizi diren tigreak 4.000 baino gutxiago dira. Besteak zooetan eta animalia basatien turista guneetan bizi dira, turistek eurekin selfieak atera ditzaten, irudi honetan ikusi litekeen moduan. Horretarako, tigre gazteak euren amarengandik banatzen ditu gizakiak jaioberritan. 12 aste betetzen dituzten arte (orduan arriskutsu bihurtzen baitira) objektu bezala erabiltzen dira. Askok, hezur eta artikulazio arazoak garatzen dituzte goizegi bananduak izan direlako euren amarengandik eta nutrizio egokia jasotzen ez dutelako. Aldi berean, tigre amak kaioletan mantentzen dira etorkizuneko tigre kumeak sortu ditzaten. 


Flash aurkezten dizuegu
Koala hau Flash deitzen da eta Australiako sute lazgarrietatik salbatua izan zen, erredura izugarri larriekin. Krisi klimatikoaren eraginez tenperaturak igo egin direnez, baso suteak sortzeko aukerak ere hazi egin dira. Ikerketa zientifiko baten estimazioaren arabera 2019-2020 bitartean Australian 500 milioi animalia hil ziren suteengatik. 


Mugako polizia
Erresuma Batuko poliziak ehizaren biktima izan zen hartz zuri honen azala konfiskatu zuen. Horrelakoak ekiditeko legeak sortu eta aplikatu beharra dago eta honelako produktuen eskaria murriztu, bizitza jasangarriago baterantz pausoa emanez. 

 


Mokadu bakoitza garrantzitsua da
Fikziozko konposizio hau sortu zuen Britta Jaschinski argazkilariak munduko haragiaren eskariak Amazoniaren deforestazioan duen eragina ilustratzeko. Haragiaren ekoizpena da munduko deforestazioan eragin handiena duen industria. Urtero Amazoniako lur zoruak nahita erretzen dira ondoren artzaintzan erabiltzeko edota milioika eta milioika animaliaren elikagaiak izango diren kultiboak ereiteko. 


Basoak ez dira berriztagarriak
Suedia da papera eta egurraren bosgarren esportatzaile nagusia. Herrialdearen %70 basoz estalita badago ere, basoetako zuhaitz asko izei eta pinu monolaborantzak dira. Azken 60 urteetan, Suediako antzinako basoen laurdenak desagertu egin dira. Antzinako zuhaitzak mozteak bertako espezieen habitata suntsitzen du eta bizitza basatia narriatu. 


Haurdun dauden txerriak txerri-azienda batean
Ganadutegi industrialak sekulako sufrimendua eragiten die animaliei. Haurdun dauden txerri hauek konfinatuak egoten dira gela txikietan. 70 mila milioi animalia sakrifikatuak izaten dira urtero giza kontsumorako. Horietako gehienak honelako baldintza kaskarretan igarotzen dute bizitza osoa. Abeltegi industrialek, gainera, krisi klimatikoan sekulako eragina dute, karbono dioxido eta metano ugari igortzen baitituzte.


100 egun baino gutxiagoan desagertzera kondenatua
Mundu osoko glaziarrak urtzen ari dira, ozeanora ura gehituz eta honekin itsas mailak igoz. 2021ean zientzialariek informatu zutenaren arabera glaziarren urtzea bi hamarkada aurreratu zen. Honek esan nahi du urtean 267.000 milioi tona izotz galtzen direla. Estimazioen arabera Lurreko ur gezaren %70 biltegiratzen dute glaziarrek. Hauek hain azkar galtzeak etorkizuneko ur gezaren horniketetan eragina izango du; eta noski uholde arriskuak gehitu egingo dira itsasaldeko hiri eta herrietan. 


Konpainiako animalia ala haragi kutsatua?
Mendebaldeko kulturan gehienok txakurrak lagun moduan hautematen ditugu, ezingo genituzke jan. Asiako, zorionez gero eta gune gutxiagotan, ordea, txakur haragia proteina merke moduan hautematen da. Izan ere, normala ikuspegi kultural bat baino ez da. Muturreko krudelkeria onartezina da ordea kulturaren izenean. Estimatzen da, urtero, 30 milioi txakur sakrifikatzen direla euren haragiagatik, askotan metodorik doilorrenak erabiliz. Gainera, txakur haragia gizakiarentzat arriskutsua izan liteke, gaixotasun biral eta bakterianoak kutsatu baititzake.