The Day After Tomorrow (El día de mañana / Le jour dapres) **

Paleoklimatologo entzutetsua da Jack Hall. Zerbait egin ezean, berotegi-efektuak Lur planeta glaziazio sasoi berri batean murgildu lezakeela uste du. Inortxok ere ez du, ordea, bere iragarpen katastrofista kontuan hartuko. Baina, supituki, eguraldia bortizki aldatuko da. Itsasikarak, urakanak eta tornadoak ugarituko dira munduan. Tifoi batek Los Angeles suntsitu du. Eta, olatu erraldoi batek, berriz, New York hiria. Eta, gutxira, ipar hemisferioak glaziazio berri baten eraginak sufrituko ditu. Sam, Jack Hallen semea, New York izoztuan harrapatuta dago. Manhattango liburutegi nagusian, hain zuzen ere. Jack ausartak, noski, ez du semea abandonatuko. Eta, arriskuari aurre eginez, bere bila abiatuko da. Neska eder baten besoetan aurkituko du Sam gazteak falta duen beroa. Zinema katastrofistaren guru berria da Roland Emmerich alemaniarra. Gizonak, gainera, zerbait patologikoa du New York hiriarekin. Munduko hiriburua txikitzeko desio saihestezin bat, nonbait. Hasieran, Independence Day izan zen. Gero, Godzilla. Eta, ondoren, berriz, The Day After Tomorrow filma. Efektu bereziak ikusgarriak diren arren, filma erdipurdikoa da. Topikoz eta moralinaz jositako ohiko ekoizpen hanpatua.