The Cyprinidians, ska berbeneroaren kontra

"Gurea ez da ska komertziala; gurea Jamaikako musika tradizionalean sustraituta dago". Ska-P eta antzekoengatik esaten ote dute? Horrela mintzatzen dira The Cyprinidians bermeotar ska talde gaztearen partaideak. "Askok gurea reggae-a dela esaten dute", azaldu du Urkidik (saxofoi altua, baxua eta ahotsak). "Jazz kutsua ere badu", gaineratu du Idurrek (saxo altua). Beraz, ska zale sutsu hauek, gazteak diren arren, argi eta garbi dute zer jo nahi duten eta zeintzuk diren beren eraginak: Skatalites, Lee Perry, Lauren Atkin, Slackers edo New York Ska Jazz Ensemble, besteak beste.
Duela hiru urte inguru zortzi gazte erritmo tropikalak jorratzeko xedearekin bildu ziren. "Rober baterijolearen bitartez ezagutu genuen ska estilo hau". Izan ere, taldearen izena ere Roberri bururatu zitzaion: ziprinidoak ur gezetako arrainak dira.
Azken urtean 30 kontzertu inguru egin dituzte, eta Euskal Herriko zein beste hainbat txokotako plazak eta lokalak erretzeko prest daude. "Hasieran jendearen jarrera geldoak eragin itzela izaten zuen guregan; egun, berriz, geure festa egiten dugu, eta azkenean publikoa ere nahastu egiten da". Egia esan, beren emanaldietan atsoek ere hezurdura gogoz astintzen dute, zinez. Hala ere, hain gazteak, 22 urte batez besteko, eta horrenbeste partaide izanik, arazoak izatendituzte alde batetik bestera ibiltzeko. "Zazpi lagunentzako furgona alokatu behar izaten dugu, bestela furgoneta arrunta eta geure autoak erabili behar ditugu", argitu du Idurrek. Eta lokalean? "Bi metro karratutan sartu behar!", nabarmendu du Urkidik algaraka. Egun lokala galtzeko zorian daude, Udalak eraikina berriztu nahi du eta. "Hondamena!", gehitu du Urkidik amorruz.
Orain arte, Romoko Brixton ska zigiluak karrikaratu duen bilduman ("Brixton Cats & the Rudies") bi kantu sartzea lortu dute. Erritmo beroz jositako bi instrumental itsaskor eta dantzagarriak, festarako aproposak! Uda bukatzerakoan "beste zerbait" grabatzea espero dute disketxe berarekin. Zorte on!