The Clash taldearen "London Calling" diskoak 40 urte

Spanish Bombs eta Should I Stay or Should I Go bezalako ereserkiek oraindik mundu osoko pertsona ugari jartzen dituzte saltoka. Dudarik gabe, London Calling diskoak inflexio puntu bat markatu zuen rockaren historian.
Horregatik Londreseko museoak Joe Strummer buru zuen taldearen erakusketa bat antolatu du. Azaroaren 15ean irekiko ditu ateak erakusketak eta 2020ko lehen hilabeteetara arte luzatuko da. Gainera sarrera doakoa izango da zaleez gain, taldearekiko kuriositatea sentitzen duen orok ere hurbiltzeko aukera izan dezan. London Calling disko bat baino gehiago baita honezkero, bertan azaltzen diren kezkak egun egungoak baitira oraindik ere eta edozein senti baitaiteke identifikatua.
Ekimen honen baitan, garai hartako objektuak erakutsiko dira, hala nola Strummer-en koadernoak edota idazteko makina, Topper Headon-en baketak, Mick Joneso-ren eskuidatziak edota Paul Simonon-ek publikoaren aurrean hautsi zuen, eta ondoren disko mitikoaren azal bilakatu zen, baxua besteak beste.
“London Calling” diskoaren inguruko bost bitxikeria
Futbola izan zen euren benetako inspirazioa: Entsegu tarteetan, arratsaldero, futbolean jolasten erlaxatzen zen taldea. Dirudienez pertsona ugarik parte hartzen zuten partiduetan, askoren artean kazetariak eta inguruko bizilagunak. Strummer-ek hauxe esaten zuen: “Futbolean jokatu genuen erori ginen arte eta orduan hasi ginen musika egiten.” Entseguen aurretik berotzeko taldearen moduan zen.
Ekoizlearen adikzioak: Taldeak hasieratik eskatu zuen Guy Stevens izan zedila diskoaren ekoizlea. Honek droga eta alkohol adikzioa zuen garai hara eta ez zen harritzekoa Stevens soinu ingeniaria zen Bill Price-ekin borrokan ikustea. Harreman eta giro zurrunbilotsu hau izan omen zen taldearen energia iturrietako bat.
Letretan azaltzen diren erreferentziak: London Calling izenak BBC telebista katearen seinaleari egiten dio erreferentzia. Kontzeptua naziek Bigarren Mundu Gerran okupatutako lurraldeei erreferentzia egiteko komunikatuetan erabiltzen zen lehen esaldia zen. Strummer-ek estrofetan egunkarietan irakurritako albisteak txertatzen zituen. Adibidez, “akats nuklearra” erreferentziak urte hartan Pensilvanian gertatutako istripu atomiko arriskutsu bati egiten dio erreferentzia.
Gutxigatik mantendu zen ezagutzen dugun diskoko azal mitikoa: Disko honetan musika bezain enblematikoa da azala bera ere. Bertan Paul Simonon azaltzen da bere baxua hausten letra berde eta arrosek lagundurik. Simonon-ek New York-eko Paladium-eko oholtzan haserre zegoen jotzen, bertako segurtasun taldeak ez ziolako publikoari eserlekuetatik altxatzen uzten. Argazkilariak momentua jaso zuen, baina ez zion taldeari argazki eman nahi lauso zegoela iritzita. Joe Strummer-i ordea izugarri gustatu zitzaion eta zorionez, azkenik lortu zuten argazkilariaren baimena.
Train in Vain ez zen ezkutuko abesti bat: Estatu Batuetan arrakasta gehien izan zuen abestia ez zegoen diskoan. Argitalpen baterako opari bezala konposatutako abesti bat izan zen, hain justu. The Clash taldeari buruzko zenbait web gunek diote ezkutatutako abesti bat dela, baina taldeak ez zuen inoiz ezkutuan uzteko intentziorik izan. Horregatik, gerora diskoan gehitu zen abestia.