The Balde aldizkaria: Luxua debalde

The Balde aldizkaria: Luxua debalde https://www.gaztezulo.eus/albisteak/the-balde-aldizkaria-luxua-debalde/@@download/image/27p28-1_1369674257.jpg
2003/02/07
erreportajea
Uxeta Labrit


"Iraultza handia suposatu du niretzat. Milaka urteko eboluzio baten ostean, azkenik, ura, arropa zikina eta galipotaz gain, irudi eta hitzak jasotzeko baliagarria naizela erakutsi dut".  Harro dago Mr. Balde jauna betebehar berriaz. The Balde nola sortu zen galdetu diogu ondoren.

"Eragin.com enpresakoek egin zidaten proposamena. Hasieran ez nuen batere argi, baina, balde baten bizitzan, une batzuetan, arriskatu beharra dago. Gure herrian argitalpen hori falta zela iruditu zitzaigun. Gainera, oro har, irakurlego "elitista" bati zuzendutako produktua interesa izan zezakeen edonori helarazten saiatu gara, eta horretan behintzat, arrakasta izan dugu. Bai bertan eta bai atzerrian aipamen oso baikorrak jaso ditu The Baldek". Hala da. Horrelako aldizkari bat musutruk izateak ikusmina eta interesa sortu du.

Kolaboratzaile apartak

Bi hilabetekari honek formatu handia eta karratua du, eta guztira, 15.000 ale kaleratzen dira. Diseinuari garrantzi handia ematen dio, baina kolaboratzaile zerrendari erreparatu besterik ez dago eduki mamitsuak eskaintzen direla jabetzeko. Kirmen Uribe, Asier Leoz, Blanca Oria, Makala, Jon Benito, Koldo Almandoz, Martin Etxauri, IBM eta  gainerakoek moda, musika, zinema, artea, literatura, internet eta beste hainbat gai jorratzen dituzte. "Irekia da The Balde, interesgarria eta berritzailea den proposamen orok du tokia gurean".

Euskararen eta ingelesaren erabileraz galdetu diogunean Mr. Balde jaunak ez du zalantza izpirik. "Euskara gure herriaren hizkuntza da, eta ingelesak, nazioarteko hizkuntza izateaz gain, euskaraz ez dakitenei The Balde-z gozatzeko aukera ematen die. Beti izan gara elebitasunaren aldekoak". The Balde Euskal Herriko ia 200 banaketa lekutan topa daiteke: arropa eta musika dendak, tabernak, liburudendak... Bada, ordea, aldizkaria eskuratzeko modu erosoagoa, izan ere, posta gastuak ordainduta, etxean jaso daiteke.

Harpidetzak, kritikak, kolaborazioak edo beste edozein proposamen lizun aldizkariaren web orrialdera bidal daiteke.