Terrazako zinema zikloa Iruñean

Terrazako zinema zikloa Iruñean San Ferminetan eta udako oporraldietan girotutako filmak izango dira ikusgai Iruñeko Baluarteko Terrazan uztailean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/terrazako-zinema-zikloa-irunean/@@download/image/Rooftop-Cinema-Osoa.jpg
2021/07/09

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

San Ferminetan eta udako oporraldietan girotutako filmak izango dira ikusgai Iruñeko Baluarteko Terrazan uztailean.
Terrazako zinema zikloa Iruñean

RoofTop Cinema zikloa martxan da Iruñeko Baluarteko hirugarren solairuko Terrazan. Aurtengo edizioan 50 eta 60ko hamarkadetan egindako bost lan eskainiko dituzte guztira. Horietatik bi Iruñean filmatutakoak dira San Fermin garaian girotuak. Beste hirurak, berriz, udako oporraldien ingurukoak dira.

Iruñean kokatutako lehen pelikula atzo eskaini zuten, The Caper of the Golden Bulls (Russell Rouse, 1967). Bigarrena, datorren asteartean, hilak 13, emango dute eta Un rincón para querernos (Ignacio F. Iquino, 1967) izango da. Rafael Azconak zuzendutakoa da eta 1964ko festetan filmatu zuten. Ezkondu berriak diren senar-emazteen istorioa kontatzen du, ezkon-bidaia erromantikoa Iruñean pasatzeko asmotan direnak baina lotarako tokia topatu ezinda dabiltzanak. 

Uztailaren 15ean udako oporraldien inguruko Les vacances de M. Hulot (Jacques Tati, 1953) film frantziarra izango da ikusgai. Gidoi onenaren izendapena lortu zuen Oscarretan eta Urrezko Palmondoa Canneseko zinema jaialdian. Kritikarien iritziz, Jacques Tati zinemagilearen komediarik ospetsuena da.

Uztailaren 20an Venezian girotutako Summertime (David Lean, 1955) film britainiarra ikusteko aukera izango da. David Lean zinemagileak zuzendua da, eta Katharine Hepburn eta Rossano Brazzi aktoreak dira protagonista. Azkenik, Sommarnattens leende (Ingmar Bergman, 1955) klasiko suediarra eskainiko dute. XX.mendeko maitasun istorio korapilotsuen inguruko pelikula da Bergmanen hau. 

Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dituzte, gaztelaniazko azpidatziekin. Emanaldiak 22:15ean egingo dituzte, eta sarrerak eskuragai daude jada Baluarteren webgunean. Emanaldi guztierako bonoak, aldiz, 15 euro balio ditu.