Tenperaturen igotzeak anfibio espezieen %40 baino gehiago arriskuan jarri ditu
Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak (UICN ingeleseko sigletan) Zerrenda Gorri bat du (RLI) eta bertan desagertze arriskuan dauden espezie taldeen joerak dokumentatzen ditu denboran zehar, lehentasuna eman behar zaienen informazioa eguneratuz eta kontserbazioa planifikatuz.
Anfibioak mundu osoko ornodunik zaurgarrienak diela frogatu da eta honegatik ahalegin handiak bideratzen ari dira hauen kontserbaziorako. Alabaina, igelak, arrabioak, uhandreak eta munduko bestelako anfibioek arazo larriak pairatzen jarraitzen dute.
Infobae-ren ebaluazio global berri baten arabera, zientzialariek ikertutako anfibio espezieen %41 desagertze arriskuan daude, hau da, zaurgarriak dira, arriskuan daude edo egoera kritikoan. 2004an egin zen txostenarekin alderatuta, arriskua %39 hazi da!
Ikerketa Nature aldizkarian argitaratu da eta txostenak behatutakoaren arabera, euren habitatak galtzen ari dira nekazaritza eta abeltzaintza dela eta. Hauek dira munduko anfibio guztientzat mehatxurik handienak. Alta, txostenak zehaztu duenez, geroz eta espezie gehiago ere amildegiaren ertzean daude, gaixotasun berriengatik eta krisi klimatikoagatik.
Anfibioak, ordea, animalia bereziki zaurgarriak dira. Bizitza etapa ezberdinak dituzte eta bakoitzerako, sarritan, habitat bananduak behar izaten dituzte, batzuetan lurrean, besteetan uretan.
Euren azal delikatuagatik ere arrisku gehiago pairatzen dute. Anfibio gehienek oxigenoa azaletik arnasterakoan eskuratzen dute, horregatik ez dute ezkatarik, lumarik edo babesten dituen ilerik. Kimikoen, bakterioen eta onddo bidezko infekzioen kutsadurak berehala eragiten die, baita krisi klimatikoagatik gauzatzen diren tenperatura aldaketek eta hezetasunaren igoerak ere.
Atzean utzi dugun uda ipar hemisferioan erregistratutako beroena izan da eta mundu mailan 2023. urtea bigarren beroena izateko bidean dago, 2016. urtearen ostean. Hauek ez dira berri onak anfibioentzat, ez eta inorentzat ere.
