Telezaborra?

Telezaborra? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telezaborra/@@download/image/17p26-1_1369946627.jpg
2002/04/05
erreportajea
Espainiako "Operación Triunfo" eta Frantziako "Star Academy" telesaioek arrakasta itzela lortu dute. Saiook, beste hainbatekin batera, egungo telebista ereduaren adibiderik onena dira. Nolako telebista dugu? Zergatik dute hainbesteko arrakasta mota honetako saioek?

"Operación Triunfo" eta "Star Academy". "Loft Story" eta "Gran Hermano". "Supervivientes". "Crónicas Marcianas". "El diario de Patricia" eta "Esta es mi gente". Telesaiorik arrakastatsuenak dira honakoak, batzuetan programazioaren ardatza ere badira, eta haiei begiratuta egungo telebistaren ezaugarri nagusiez jabetu gaitezke.

Telebistak, gaur egun, jendearen intimitatea atsegin du gehienbat, bere platerik gustukoena da. Eta platera prestatu nahi duen sukaldaririk ez da falta. Izan ere, gizon-emakumeak, zahar eta gazte, erruz joaten dira ETB2ko "Esta es mi gente" edo Antena 3ko "El diario de Patricia" saioetara, beren eguneroko kontuen berri ematera. Dirudienez, telebistan agertu eta "ospetsu" bihurtzea askoren ametsa da. Zergatik, ordea? "Egungo gizartean, jendeak frustrazio anitz ditu: ekonomian, lanean, arlo pertsonalean… Gizarteak ez digu izan nahi duguna izaten uzten. Hortaz, frustazio horiei aurre egin beharrean, protagonismoa bilatzen da eguneroko bizimodua salduta. Jendeak, eguneroko kontu txikiei esker, ospea lortu nahi du ", dio Isabel Alba Rico Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionaleko presidenteak.

Txumutxuka

Asko eta asko beren intimitatea saltzeko prest daude… eta beste asko besteen ezkutuko mundua ezagutzeko irrikitan. Hego Euskal Herriko lagunek ondotxo dakitenez, T5eko "Cronicas Marcianas"-en gertatukoak eguneroko ogia izaten dira kaleko elkarrizketetan. Hau dena, ordea, ez da batere berria. Edorta Arana EHUko ikusentzunezko irakasleak dioenez, gizakiak beti izan du jakingura aldemenekoa zertan ari ote den: "txutxumutxuak begi egon dira. Egungo hirietan, ordea, ez dugu jakiterik ondokoak zer egiten duen. Beraz, telebistak jakingura hori asetzen du". 

"Loft Story", "Gran Hermano", "Supervivientes", "Confianza Ciega" saioetan ere lehiakideen intimitatea urratu ohi da. Lehiaketok, hala ere, badituzte bestelako ezaugarriak. Isabelen esanetan, "neoliberalismoaren oinarrizko ideiak sustatzen dituzte: norbanakotasuna, egoismoa, lehiakortasuna…". 

Eta zer esango dugu "Operación Triunfo"-ri buruz? Baten batek pentsa lezake saio hau ezin dela gainerako lehiaketekin alderatu, kultur kutsua duelako, besteak beste. Isabel Albak ez du inongo zalantzarik; ñabardurak ñabardura, saio mota bera da: "batetik, pribatutatasuna saltzen du, kamerak edonon jarrita. Bestetik, neoliberalismoaren ideia okerrak zabaltzen ditu, denok gora egiteko aukera berak ditugula, esaterako". Telesaio honetan ikusi dugu eraikuntzako langile bat nola bihur daitekeen izar. Errealitatea, berriz, oso bestelakoa da. "Operación Triunfo", bestalde, kultur produktutzat aurkeztu da. Isabelen ustez, "kontua da Espainiako telebista publikoak ezin duela 'Gran Hermano' bezalako saio bat hain lotsagabe programatu eta horregatik, mozorrotu behar izan duela".

Ondorioak
Telebista eredu honek, noski, eragin nabarmenak ditu gizartean. "Ikusleari esaten ari zaio ezer ez dela pribatua. Hori gizartean edo politikan erabil daiteke eta  pribatutasunari eutsi nahi diona susmagarritzat jo. Jendeak pentsa dezake pertsona horrek zeozer duela ezkutatzeko. Oso arriskutsua da", adierazi du Isabelek. 

Edorta Arana ere bat dator ideia horrekin. Dena dela, EHUko irakasleak egungo gizartean bestela ere pribatutasuna galtzen ari dela dio: "banketxe batek bezeroek zer erosten duten eta erosketak non eta noiz egiten dituzten jakin dezake. Orain arte pribatutatzat jotako hainbat esparru, familia, egoera ekonomikoa edota sexualitatea, publiko bihurtu dira. Jendeak gaur egun naturaltasun handiagoaz hitz egiten du gai horiei buruz". 

Isabel Albak, lehen esandakoaren ildotik, egungo sistimaren baloreak sustatzen ari direla uste du: "mota honetako telesaioek gizaki lehiakorrak sortzen dituzte, baita herritar pasiboak ere, beren bizitza aldatu beharrean gezurrezko itxaropenekin amets egiten dutenak. Aurrera egiteko talde lana sustatu ordez, ondokoa zapaltzea bultzatzen ari da ". Hau elitismoarekin ere lotuta dago, goi mailako izarrak sortzarekin, alegia, "Operación Triunfo" edo "Star Academy"-n gertatu bezala: "azpiegitura oso bat erabil dezakezu Mozart pare bat sortzeko edo bestela, trikitixa taldeak eta akamediak sustatzeko. Ni bigarren ereduaren aldekoa naiz, aukera zabaltzekoaren aldekoa", dio Edortak. 

Ba al da alternatibarik?
Kritikak kritika, ezin uka telebista eredu honek harrera ona duela ikusleen artean. Audientzia datuak ikusi besterik ez dago. Esate baterako, "Operación Triunfo"-ko otsaileko finalak %64 inguruko audientzia izan zuen Hego Euskal Herrian. Beraz, gizarteak horixe eskatzen duela dirudi. Isabel Alba eta Edorta Arana, hala ere, bat datoz ikusleei bestelako aukerarik ematen ez zaiela esaterakoan.

EHUko irakaslearen arabera, bi kontzeptu ezberdindu behar dira; kontsumoa,
batetik, eta jendeak benetan zer nahi duen, bestetik. "Hau zapatilak erostea bezalakoa da: erakusleihoan ez daude zuk nahi dituzun zapatila horietxek, baina eskainitakoen artean, aukeratu egiten duzu. Ez dira, ordea, zure gustukoenak. Gogoan izan behar da garai batean ere bazeudela lehiaketak edo musikarekin lotutako saioak, eta erantzun apala zutela. Aldiz, formato berriak erabilita, saiook sekulako ospea lortu dute. Horrek esan nahi du, lehen, erantzuna apala zen arren, bazegoela jendearen baitan saio horiekiko halako interesa. Gauza bera gerta liteke beste telesaio batzuekin; ez dakigu zein erantzun izango luketeen beste formato batzuk erabilita", dio Edortak. Hau al da datozen urteei begira datorkigun telebista eredua? Patxi Azpillaga EHUko irakaslearen ustez, modak ziklikoak dira eta telebista etengabe programazioa berritu beharrean izaten da: "garai batean Hego Ameriketako sugetzarrek arrakasta zuten eta orain, berriz, ez dute oihartzun handirik. Lehendabiziko 'Gran Hermano'-k ere oso harrera ona izan zuen, baina bigarrenak, ez hain ona". Auskalo.

Imitaziorik ez



“Gran Hermano” edota “Loft Story”-n denetarik ikusi dugu: lehiakideak mozkortuta, lotan edo mukiak ateratzen; bikote bat izara azpian sexu jolasetan… Kamera ezkutuetan oinarritutako telesaioen txantxek ere jendearen pribatutasuna urratu ohi dute.

Egoismoa



“Supervivientes”-en, adibidez, lehiakideek konplotak egin eta elkarri zango trabatu egiten zioten. Beste hainbeste gertatu da “Gran Hermano”-n. 

Eguneroko kontuak



Norberaren sexu joerak edo gustuak (ahal dela “arraro samarrak”), seme-alabek gurasoen aurka egindako salaketak, bikotekideen arteko liskarrak… Hauek denak hizketagai izan ohi dira ETB2ko “Esta es mi gente”-n edota T5eko “El diario de Patricia”. 

Elitismoa



"Star Academy" eta "Operacion Triunfo"-n diru mordoa jarri da bospasei izar sortzeko.

Euskaldunak ezberdin?



"Sorginen Laratza"-k hemen aipatutako telesaioen zenbait ezaugarri dituen arren, ETB1en ez dago gaur egun horrelako saiorik. Hala ere, ez litzateke harritzekoa izango kamera ezkutuetan oinarritutako telesaioren bat egitea, eta dirudienez, zenbait proposamen aztertu dira. Oraingoz, ordea, ez dago horrelakorik. Bestalde, behin baino gehiagotan entzun izan dugu euskaldunoi kosta egiten zaigula barruko sentimentuak adieraztea edo gure intimitateaz hitz egitea. Ezberdinak al gara euskaldunok?

"Inola ere ez. 'Operación Triunfo', 'Gran Hermano' edo 'Loft Story'-k ikaragarrizko jarraipena izan dute Euskal Herrian. Baliteke euskaldunok barneko sentimentuak hain erraz ez azaleratzea, baina hor bilakaera bat dago, eta bilakaera hori, agian, gehiago proiektatu da, orain arte, erdaldunen artean. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar euskaldunon unibertsoa oso txikia dela honelako saio bat antolatzeko", dio Edorta Arana EHUko irakasleak.