Telesailak zinema jaialdietan: gorantz doan joera?

Donostiako zinemaldiko bost izenburu entzutetsuenetakoak bilakatu dira telesail hauek. Izan ere, pantaila txikiak geroz eta leku handiagoa du honelako jaialdietan. Zinema jaialdiak urtez urte berritzen joan dira sail ezberdinak gehituz euren jaialdietara. Azken urteetako berrikuntzarik deigarriena euren programazioa telesailei irekitzea izan da. Cannes izan zen lehen pausoa eman zuena 2017an David Lynch-en Twin Peaks proiektatuz. Ez da bakarra izan ordea, Sundance-ek ere Top of the lake eta 22.11.63 bezalako telesailak programatu ditu, edota Austinen ospatzen den South by Southwest jaialdiak Penny Dreadful-en pilotua emititu zuen, ondoren baita Sillicon Valley edota Mr Robot.
Joera hau ikusirik, Donostiako Zinema Jaialdiak ere 2017an La Peste eta Vergüenza telesailak aurkeztu zituen. Lehena gainera sekzio ofizialean parte hartuz, nahiz eta lehiatik at. Bigarrena berriz, lehian aritu zen Zabaltegi-Tabakalera sailean.
Ordutik, Movistar plataformak izenburu gehiago gehitu ditu jaialdira: Gigantes Enrique Urbizurena, Arde Madrid Paco Leon eta Anna R. Costa-rena eta 2019an Leticia Dolera-ren Vida perfecta. Egia da izenburu hauetako inork ez zuela urrezko maskorraren protagonismoa eklipsatu, baina alfonbra gorrian eta prentsa zein jendearen ahotan egon ziren. Hain da horrela, iazko Zinemaldian jaialdiak HBOren Patria telesailaren irudi batzuk erakutsi zituela.
Aurten beraz, okerrik ez bada eta koronabirusak tregoa ematen badu bederen, irailaren 18tik 26ra ospatuko den Zinemaldian bost telesail daude baieztatuak: Antidisturbios, Patria eta Who we are, sail ofizialean egongo dira, nahiz eta lehiaketatik kanpo. Ines del Alma Mía, Isabel Allenderen liburu baten egokitzapena ere aurkeztuko da eta Movistar-ek Dime quién soy erakutsiko du Donostian.
Gorantz doan joera?
Bai Donostiako zinemaldian eta baita nazioarteko jaialdietan telebistako izenburuen joera gorantz doan. Telesailek jada pelikulek duten ospea dute streaming plataformengatik eta bertan aurkitu daitekeen aniztasunagatik. Jada ez gaitu ezustean harrapatzen telesailetan aktore ospetsuen izenak aurkitzea. Hori dela eta, joera hau ikusirik zentzuzko pausua da zinema jaialdietan telesailak ere gehitzea, pelikulak proiektatzen diren leku berdinetan hauei ere lekua eginez.