Telesail gehiegi daude (?)

Telesail gehiegi daude (?) HBO, Netflix, Filmin, Amazon Prime Video eta orain aste gutxi Apple TV + bezalako plataforma digitalak iritsi dira Euskal Herrira. AEB-etan Disney eta Facebook ere igo dira telesailen ekoizpenen gurdira. Serie mordoa ikusteko aukera beraz, nahi dugun orduan, mundu guztiaren eskura eta edozein adinetako pertsonek erraz maneiatzeko moduko edukiekin –ziur zure guraso edota aiton-amonak ere katigatu direla eta ehunka mezu jasotzen dituzula haien zalantzekin–. Baina pantaila txikiko ekoizpen zaparrada honek ba al du mugarik? Netflix “txurro-fabrika” moduko bat bilakatu al da? Telesail gehiegi estreinatzen al dira? Telesail guztiak “ikusi nahi baina ezin” horrek, antsietatea sortzen dizu? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telesail-gehiegi-daude/@@download/image/telesailak.tif
2019/12/23

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

HBO, Netflix, Filmin, Amazon Prime Video eta orain aste gutxi Apple TV + bezalako plataforma digitalak iritsi dira Euskal Herrira. AEB-etan Disney eta Facebook ere igo dira telesailen ekoizpenen gurdira. Serie mordoa ikusteko aukera beraz, nahi dugun orduan, mundu guztiaren eskura eta edozein adinetako pertsonek erraz maneiatzeko moduko edukiekin –ziur zure guraso edota aiton-amonak ere katigatu direla eta ehunka mezu jasotzen dituzula haien zalantzekin–. Baina pantaila txikiko ekoizpen zaparrada honek ba al du mugarik? Netflix “txurro-fabrika” moduko bat bilakatu al da? Telesail gehiegi estreinatzen al dira? Telesail guztiak “ikusi nahi baina ezin” horrek, antsietatea sortzen dizu?
Telesail  gehiegi  daude  (?)

Kosta egingo zait eztabaida sutsu honetan era objektiboan kokatzen, nire uste ez baitira gehiegi estreinatzen, baina esfortzu bat egin eta bi eremutan barneratuko naiz bi alderdiak ulertzen saiatzeko.

“Bai. Gehiegi daude!”
Peak TV. Hori da azken urteetan telebistaren arloan eta AEBetan hedatzen ari den hitza. “Telesailen burbuila” bezala definitu daitekeen termino horrek adierazi nahi du iristear dagoela ekoizpen hauen gailurra. Pantaila txikian produktu gehiegi dagoela adierazteko espresioa da: kontrolik gabe estreinatzen dira eta askotan kalitate maila zalantzagarria izaten dute. Urtero banatzen diren Emmy sariek adibidez –ustezko urteko telesail onenen sariak– ezinezkoa zaie urteko estreinaldi garrantzitsu guztiak nabarmendu eta bertan sartzea.

FX katearen arduraduna den John Landgrafe-k sortu zuen Peak TV kontzeptua eta duela hiru urtez geroztik ekoizpen kopuruaren inguruko txosten batzuk argitaratzen ditu. 2018an adibidez, 500 telesailen zifra ukitzera heldu ziren. Gailurra, Peak TV deiturikoa, 2019-2020an iritsiko dela dio. “Tsunami” horren erantzule nagusiak aipaturiko streaming plataformak dira batik bat. Landgrafek argitaraturiko beste txosten batean irakur daiteke Yahoo, Hulu, Amazon, Netflix, Crackle edo YouTube Red plataformek bi urtetan bikoiztu egin dituztela beraien ekoizpenak, Netflix-en olatuaren eraginez batez ere.

Honek, beste hainbat enpresa teknologikotan gertatu den bezala, telesailen merkatua monopolio egoerara eramateko arriskua ekar lezake eta ez dakit nik ez ote den gure kaltetan izango istorio berberak labe beretik irtetea. Adibide garbiena
–berriro ere– Netflix: lehen, urtean bost ekoizpen berri estreinatzen bazituen, hiruzpalau kalitate handikoak izaten ziren; gaur egun “bi astetik behin telesail/denboraldi berri bat” filosofiarekin, telesailak baino, txurroak egiten dituen plataforma dela dirudi. Ekoizpen bikainak estreinatzen ditu bai, baina kaskarren multzoa handitzen doa astero eta geroz eta zailagoa da katalogo zabal horren barruan harribitxiak topatzea.

“Ez. Gehiago ikusi nahi ditugu!”
Kultura zinematografikoa, orokorrean, ezin besarkatuzko zerbait iruditzen zait, eta telesailena beste hainbeste, jakina. Telesail asko estreinatzen da? Bai. Gehiegi? Ez! Literatura edo zinema bezalako arloetan gutxitan –edo inoiz ez– planteatu den galdera izanik, pantaila txikiaren kasuan arazoa ez da gehiegi daudela, guztiak ikusi nahi ditugula baizik.

Telesailena da, zalantzarik gabe, azken urteotako fenomeno kultural aipagarrienetako bat, gune kulturalean espazio geroz eta garrantzitsuagoa betetzen hasi baitira. Baina kopuruarekin eta hauek irensteko abiadurarekin itsutzen hasi garela uste dut. Kuadrillan edota lagun artean adibidez, Game Of Thrones telesailaren azken atala etengabe aipatzen ari badira, eta zuk ekoizpen hori ikusten ez baduzu, elkarrizketa horietatik kanpo geratzeko arriskua duzu. Stranger Things-en hirugarren denboraldia bihar goizeko 9:00etan estreinatzen bada, “ea nork ikusten duen lehenago” lasterketa amaigabean murgilduko zara. Hemen loratzen da, nire ustez, polemika honen gakoa: irakurketarekin gertatzen den bezala, alderdi atsegingarria ez galtzea ezinbestekoa izan beharko lukeela.

Alegia, ikusten duzuna ikusten duzula, gustura izan dadila, nahi duzulako, eta ez ondokoak hala egin duelako, sare sozialek bultzatu zaituztelako ala aipaturiko plataforma hauen algoritmoek burmuina xurgatu dizutelako. Eskaintza hainbeste zabaldu da, egungo estreinaldi mordoa igerian dabilela duela 10-15 urteko telesailekin batera. Ondorioz, ikusle askok uko egin diote borondatez aukeratzeari eta “zer ikusi” erremintak edota “gomendio” aplikazioak erabiltzen hasi direla beraien ordez erabakiak hartzeko. Izar kopuruaren arabera edo Interneteko “adituaren” gustuen arabera. Beraien ordez aukeratze horrek frustraziora eraman dezake ikuslea eta “telesail gehiegi egiten dira” esaldia errepikatzen hasi daiteke.

Nire iritzia, beraz, argia da: ez dago telesail gehiegi, liburu, film edo txokolate tableta gehiegi ez dagoen bezala. Erabateko ezagutza seriezale bat lortzeko nahiak eta elkarrizketetatik kanpo ez geratzeko beharrak gugan gabezia faltsu bat sortu duela iruditzen zait. Ikus-entzunezko hauetako asko “behartuta bageunde bezala” irensten ditugu. Hurrengoan “ez daukat denborarik hainbeste telesail ikusteko” esaten dizutenean, “ez zuk, ezta beste inork ere” erantzun eta aurrera!

2019ko ezinbesteko batzuk
Zeure burua multzo horietako edozein lekutan kokatzen duzula ere, aurten ikusi ditudan ekoizpen guztien artean ezinbestekoak iruditu zaizkidan batzuk gomendatuko dizkizut.

‘Chernobyl’
HBOk ez zuen espero inondik ere aurtengo fenomenoa bihurtuko zenik. Bost atalez osatutako telesail-motz honek Sobietar Batasunak 1986ko apirilean jasan zuen desastre ikaragarria kontatzen du, AEBetako betaurrekoekin jakina denez. Txernobilgo zentral nuklearrak eztanda egin zuen egunean bertan kokatuko zaitu lehen ataletik bertatik, apurka trama zientifiko-politikoaren korapiloak askatzen joateko.
Non ikusi? HBO

‘Years and Years’
Hartu irabiagailu bat eta sartu: Black Mirror telesailaren xafla batzuk, Sense8 eta This is Us-en pertsonaien mamia, drama, umore beltza eta distopia esentzia apur bat. Alexa, Brexita, transhumanismoa, errefuxiatuak, gidoi biraketa harrigarriak eta erritmo frenetikoa. Guztia ongi nahastu. Emaitza, Years And Years telesaila. A ze harribitxia!
Non ikusi? HBO

‘The Victim’
BBC katearen The Victim telesaila, gomendagarria baino, ezinbestekoa dela esango nuke, lau ordu irauten dituen emozioen zurrunbilo batean murgilduko zaituelako. Aipamen berezia aktoreen lanari eta elkarrizketek garraiatzen dituzten tentsio, misterio eta une dramatikoei. Nor da biktima oso gaizki funtzionatzen duen sistema baten barruan? Sleeper Hit-a, literalki, loti arrakastatsua bezala itzulia, film, telesail edota abesti bati jartzen zaion etiketa izaten da, promozio eskasa izan arren, pixkanaka, ahoz-ahokoaren eraginez askotan eta era progresiboan, sekulako arrakasta lortzen duena. 2019ko Sleeper Hit-a, Years and Years-ekin batera, The Victim telesaila dela esango nuke. Lau ataletan banaturiko drama xurgatzaile, gogor eta bikain honek, ume baten hilketaren inguruko kasu latz eta hunkigarri bat ardatz hartuta, Eskoziako sistema legalaren prozeduren inguruko ikuspuntu oso interesgarria eta mamitsua eskaintzen baitu. Eztabaidarako uneak sortzeaz gain, mahai-gainean, era ausartean kokatzen dituen hainbat gai polemiko ere jorratzen ditu.
Non ikusi? FILMIN

‘The Virtues’
The Victim eta Years And Years telesail zoragarriei, beste hirugarren bat gehitu behar diogu Ingalaterrako 2019ko urrezko triunbiratua osatzeko. Mina, barkamena eta familiari buruzko ezinbesteko harribitxia. Neurri batean Stephen Graham-en interpretazio ikaragarriari esker! Latza, gordina baina ezinbestekoa.
Non ikusi? FILMIN

‘Succession’
Iaz estreinatu zen serie hau gomendatu nahi dizut, azken urteetako telesail zaparrada horren azpian, ezkutuan, ostrazismoan geratu den izenburu horietako bat iruditzen zaidalako. Familiari, aberastasunari eta botereari buruzko ikuspegi oso entretenigarri, mingarri eta autentikoa eskaintzeaz gain, umore beltz ukituak dituen melodrama shakespearetar paregabea iruditu zaidalako. Lehen segundotik erabat harrapaturik utziko zaituen ekoizpen zoragarria!
Non ikusi? HBO

‘Unbelievable’
Ikuspegi feminista oso interesgarria eta mamitsua eskaintzen duen telesail bikaina. Emakumezko protagonista liluragarri batzuen ikuspegitik, kontakizun errealista eta gordin bat biziko duzu, hauek jasan behar duten biolentziaren inguruan hausnartzeko oso baliagarria eta batez ere, enpatiaren inguruko erradiografia zirraragarri eta argigarria delako.
Non ikusi? NETLIX

‘The Act’
Patricia Arquette eta Joey Kinge-n interpretazio lan ikaragarriei esker eta Münchhausen sindromea ardatz hartuta, benetako kasu batean oinarritzen den istorio hau urteko harrigarrienetarikoa iruditu zait. Gaindituta, hunkituta, beldurtuta, txundituta eta harrituta amaituko duzula ohartarazten dizut.
Non ikusi? HULU

‘When they see us’
Pello Reparazek kuttunak atalean gomendatzen duen telesail honetan ikusiko duzuna, zoritxarrez, nahiko gertukoa sentituko duzun kontakizuna da, Altsasuko gazteek bizi dutenarekin zuzenean lotuko baituzu. Benetako kasu batean oinarrituriko ekoizpen honek, AEBtan, Central Park Five (Central Parkeko Bostak) delako gazteek sufritu zutenaren inguruko erretratu latza erakusten digu, kartzelatu zituzten bost gazte errugabe.
Non ikusi? NETLIX

‘Euphoria’
Euphoria telesaila hitz gutxitan aurkeztu beharko banu: bigarren (mailako) hezkuntzako ikasle talde baten egunerokoa erakusten duen ekoizpena dela esango nuke; drogak, sexua, nortasuna, traumak, sare sozialak, maitasuna eta laguntasunaren bidetik nabigatzen duten bitartean. Guzti hori gainera, era oso gordin, esplizitu, harrigarri, gogor, ilun eta deserosoan aurkeztua. Urteko telesailik polemikoena? Zirikatzaile da, ausarta, iluna eta batez ere oso deserosoa. Z belaunaldiaren, –90eko hamarkadaren erditik edo 2000. urte hasieratik gaur arte jaiotako pertsonek osatzen duten belaunaldia– zentsurarik gabeko erretratu oso gordina, gaixotasun ohikoena antsietatea dela erakusten duena, izango duten etorkizunaren ziurgabetasuna, gaixotasun horren eragileetako bat delarik eta teknologia berriak, erabat ondoratzeko balio duen putzu sakon bat. Ez dakit gustuko izango duzun ala ez, baina ziur gutxitan ikusi duzula antzekorik.
Non ikusi? HBO