Telefono bidezko antzerki obrak

Telefono bidezko antzerki obrak Telefonoaren soinua. Hartu eta poliziako inspektoreak esan dizu daramazuen kasuan berrikuntzak daudela, hau da, ikertu behar duzuen neska baten desagerpenean nobedadeak daudela. Deiak ez zaitu harritzen, zu ere polizia baitzara momentu horretan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telefono-bidezko-antzerki-obrak/@@download/image/Blog-Illustrations-August-2019_Broken_Telephone.png
2020/05/14

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Telefonoaren soinua. Hartu eta poliziako inspektoreak esan dizu daramazuen kasuan berrikuntzak daudela, hau da, ikertu behar duzuen neska baten desagerpenean nobedadeak daudela. Deiak ez zaitu harritzen, zu ere polizia baitzara momentu horretan.
Telefono bidezko antzerki obrak

Izan ere, modu honetara, 10 minutuz, zarena izateari uzten diozu pertsonaia batean bilakatzeko. Zure pertsonaiak ordea ez daki nola amaituko duen. Teatroxteléfono deitutako esperientzia berri baten tramaren zati zara. Ideia hau Las Uñas Kodak antzerki taldeak eraman du aurrera. 

Honen atzean Mélanie Werder eta Elena Moncayola daude. Beraiek izan dira idea honen sortzaileak eta ekimena aurrera ateratzeaz arduratu direnak. Telefono bidezko antzerki obra pilotua apirila amaieran jarri zen martxan. Horrela, konfinamendu garaian lortu dute antzerkia jendearengana hurbiltzea. 

Horretaz gain, euren emanaldiak koronabirusagatik bertan behera gelditu zitzaizkien aktoreentzako irtenbide ekonomikoa ere izatea nahi zuten. Ez zuten finantziaziorik lortu ordea, eta modu altruistan eraman behar izan zuten aurrera ekimena, honetan boluntarioki parte hartzeko deia eginez aktoreei. Aktoreei baldintza bakarra ezartzen zitzaien: proiektua aurrera eramateko gai zirela sentitzea. Horrela sortu zen telefono bidez antzeztutako antzerki obra hau. Hiru egunetan antzeztu zen apuntatu nahi izan zuten entzuleentzat. Horrela, aktore bakoitzak pertsona bati edo biri kontatu zien telefonoz antzerkia.

Prozesuak ez du misteriorik. Bi galdetegi ireki zituzten: bat publikoarentzat, non eskatzen zitzaien izen bat beraiei zuzentzeko deitutakoan eta beste datu gutxi batzuk; eta beste bat aktoreentzat, modu boluntarioan parte hartu nahi zutenentzat.

Horrela 120 profesional inguru biltzea lortu zuen proiektuak, gogoz zeudenak esperimentatzeko eta parte hartzeko antzezteko modu berri honetan. Lehen egunean entzulearekin harremanetan jarri ziren prozesua nola izango zen azaltzeko eta nolabait, berarekin lotura sortzeko.

Beste hiru egunetan, telefonoaren bestaldean zeudenak egunero deiak jasotzen zituzten 10 minutu ingurukoak. Aktoreak pertsonaia bat interpretatzen zuen eta berak, entzuleari neskaren desagertzearen inguruko misterioa argituko zion. Lehen egunean komisarioak deitzen zuen eta beste bi egunetan gaztearen desagertzean testiguak izan zirenak. 


Pertsonaia eta entzulearen arteko elkarrizketak funtzionatzeko sortuta zegoen testua, hau da, ez zen zen beharrezkoa entzulearen parte-hartzea, baina egon zen hala ere, entzule aktiboaren rola hartu zuenik.

Testuaren gidalerroek nahitaez eskatzen zuten entzulearen izena aipatzeko, eta horregatik, entzule asko berehala hasten zen galderak egiten. Aktorearen inprobisatzeko ahalmena garrantzitsua izan zen momentu horietan, entzulearen galderei erantzun eta istorioaren haria ez galtzeko aldi berean. Izan ere, aktoreek askatasun osoa zuten obra euren modura interpretatu eta nahi zuten lekura eramateko, beti ere zehaztutako amaierara iristen baziren. Sorkuntza erabatekoa zen.

Esperientzia guztiz arrakastatsua izan zenez orain finantziazioa bilatzen ari dira ekimenarekin aurrera jarraitzeko, eta oraingoan aktoreei ordaindu ahal izateko. Hastapeneko ideia ez baitzen doan egitea hau, finantziazioa lortu ez zelako burutu zen modu boluntarioan. Bigarren edizioa egiten bada, sortzaileek argi dute modu profesionalean egin nahi dutela, profesional bakoitzari bere lanagatik ordainduz.