Telebistak hazi gintuen

Telebistak hazi gintuen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telebistak-hazi-gintuen/@@download/image/59p19-1.jpg
2006/01/06
erreportajea
Unai Brea
Telebistak hazi gintuen
Edonork iltzatuta dauzkan txikitako oroitzapenen artean, ikusitako telebista saioenak izaten dira memoriari ondoen atxikitako batzuk. Euskal Herriko zenbait pertsonaia ezagunengana jo dugu –telebistan dihardute gaur egun askok-, ume moko hutsak ginenean, pantaila aurrean irensten genuenaz gogoratzen lagundu diezaguten. 

Telebistak eragin handia ei dauka umeen burmuin oraindik ondo osatu gabeetan. Helduagoenean ere, badaukala esango genuke guk, baina tira. Denok hazi gara auzo edo herri batean, joko batzuetan jokatuz, zenbait lagunekin jolastuz… eta telebista saio jakinak ikusiz. Eztabaidatzekoa litzateke, horiek zenbaterainoko eragina eduki duten gure izaera zizelkatzeko garaian, baina argi dago, guztion oroitzapen bizienen artean, telebistak emandako irudi batzuk daudela. Telebistaren aurrean hazteko aukera eduki dugunon oroitzapenen artean, behintzat.

"Guk ez genuen telebistarik izan etxean, nik lau edo bost urte bete arte", gogoratu du Harkaitz Canok. Idazle lasartearra, bere bizitzako lehen urte haietan, eskaparateetako telebistei begira gelditzen ei zen, zeharo liluratuta. Azkenean, gurasoek aparatu bat erosi eta etxera eroan behar izan zuten, umea kristalari itsatsita geratuko ez bazitzaien. Orduan hasi zen Cano telebista ganorazko baldintzetan ikusten, "baina ez gehiegi", dioenez. Izan ere, gure garaiotako itaunik sakonenetako da honakoa: gaurko umeek lehengoek baino gehiago ikusten dute telebista, ala ez?

Aurreko galderari edonork ziplo emango liokeen erantzuna "bai" da, eta hain zuzen, hori da erantzun zuzena. Baina gauzak ez dira beti zuri ala beltz izaten. Guk geuk hainbat gris mota topatu ditugu gure berbakideengan. Ana Urrutia ETBko aurkezlea eta Ane Pikaza Goenkaleko aktore gaztea, esaterako, telebista ikusle amorratuak izan ziren euren umezaroan. "Lehen fidelagoak ginen", uste du Pikazak, "saio berak ikusten genituen beti, ordu jakinetan, eta ez genien hutsik egiten".

Hizkuntza kontuak

Telebista ikusiz hazi diren euskaldunen artean, zaharrenek erdarazko saioak besterik ez zegoen garaia ezagutu dute. Sarritan, eskualde euskaldunenetan batik bat, telebistari esker edukitzen zuten erdararekiko lehenengo harremana. "Nik "Los payasos de la tele" daukat ondo gogoan; oso onak ziren!", aldarrikatu du Anjel Alkainek, aipatu saioaren musika abesten duen bitartean: "Handik hartu genuen guk erdara asko".

ETB-1en sorreraz gauzak aldatu ziren, baina zenbait lekutan, erdarazko telebistak aipatutako funtzioa betetzen jarraitu zuen –jarraitzen du, itxuraz-. Hala ei zen, berbarako, guraso euskaldunak zeuzkaten ume azpeitiarrenean orain dela ez hain luze, Xabi Borda idazle gazteak (24 urte) gogora dakarrenez. Areago, "batua ere, hein handi batean, ETB-1eko marrazki bizidunekin ikusi genuen". "Dibujoekin" esan du Bordak, zehatzak izate aldera.

Harkaitz Cano garai biak bizi izan zituen belaunaldikoa da. Gaztelera hutsezkoak izan ziren haren lehen telebista-saioak, baina euskarazko lehen emanaldiak hasi zirenean ere, marrazki eta enparauez gozatzeko adin onean zegoen artean. "Nik ez dakit haurtzaroan ikusitako telebistak zer nolako arrastoa uzten duen gure izaeran, baina argi dago eragiten duela. Zenbat esamolde, hizketa… ez ote ditugun hartzen harengandik! Hori ere zama astuna da euskararentzat, oso zaila baitzaio uholde horretan bere freskotasunari eustea".

Miren Artetxe bertsolari hendaiarrak (20 urte) euskaraz ikusten zuen telebista gehienetan. Gazteleraz eta frantsesez ere zerbait ikusten zuen; lehengoaren kasuan, hizkuntza ikasteko: "Gogoratzen naiz bospasei urterekin "Oliver y Benji" jartzen zigutela, trebatzeko. Baina normalean, Ipar Euskal Herrian ez dugu Espainiko telebistarik ikusten, Frantziakoa baino mila aldiz okerragoa da eta". Artetxe ETB-1 ikusi ahal izan duen ume lapurtar belaunaldikoa da, ez ordea Franck Dolosor kazetaria (28 urte).

Haurtzaro-minak eragindako oroitzapenak
"Nik, harrigarria bada ere, albistegiak ikusten nituen, oso gaztetatik", dio Franck Dolosorrek. Badakigu nondik datorkion bokazioa, beraz. Baina umea zen, eta umeak legez, marrazkiak eta bestelako telesail batzuk ere ikusiak ditu senperetarrak. Bere belaunaldiko guztiek "Remy" ikusten zuten bereziki; "familiarik gabe, tximino batekin bizi zen mutiko bat zen".

Orduko oroitzapenak bizi-biziak ditu Dolosorrek, eta zenbait saio berriz ikusi nahi lituzkeela aitortzen du. "Hala ere, nostalgiak eragiten du gogo hori. Izan ere, orain ikusten badugu haurrak ginelarik ikusten genuena, ohartu egiten gara aldatu egin dela, ez dela oroitzen genuen bezala. Nahiko marrazki eta sail motelak ziren, oraingoak baino askoz maila eskasagokoak". Beharbada, telebistaz ikusten genuena baino, gure bizitzaren garai bat mitifikatu dugu. Garairik zoriontsuena, hain zuzen.

Zenbat aldatu da telebista?

Erreportaje hau osatu bitartean gurekin hitz egiten dutenen ustez, umetan telebistaz ikusten dugunak ez du berebiziko eragina, eraginik baduen arren. Esan nahi baita, bortizkeria barra-barra ikusteak ez gaituela berez bortitz bihurtzen. "Baina balore batzuk-eta zabaltzen dira", diosku Anjel Alkainek, "edo gure garaian zabaltzen ziren behintzat". Aktoreak adibide bat ekarri digu esandakoaren harira: "El Hombre y la tierra", Felix Rodriguez de la Fuentek aurkezten zuen saio gogoangarria. "Hura ikustea erritua zen gure etxean", dio Alkainek.

Askok uste du oraingo marrazkiak, eta umeentzako saioak, oro har, lehengoak baino gogorragoak direla edukiei dagokienez. Belaunaldiz belaunaldi gogortuz doaz, gainera. Ane Pikazak, esaterako, oso gordin deritze gaurko saioei, baina berak ez zuen "Dragoi Bola"ren kapitulu bat bera ere galtzen. Bortizkeriaz betetako saioa, beraz.

"Badirudi lehengo haurrak inozoagoak ginela", uste dut Franck Dolosorrek; "beharbada, gaurko haurrei oso light irudituko litzaizkieke guk ikusten genituenak —eta halakoak ziren—. Baina, bestalde, uste dut gaur egun zenbait eduki ematen zaizkiela haurrei hartarako prestatuak izan gabe". Zer oroitzapen edukiko dute biharko helduek gaurko telebistaz?

Dragoi bola belaunaldia



Bai, “Dragoi Bola” belaunaldi bat existitu da Euskal Herrian. Telesail japoniarra mila ume euskaldunen droga izan zen orain urte batzuk; ez ei dago, gaur 20 eta 25 urte bitartean daukatenetan (gutxi gorabehera), hura ikusi ez duenik. Eta balego, museo baterako ale izendatu beharko genuke. Bitxia bada ere, ETB-1 berriro ari da “Dragoi Bola” ematen, umeentzako ordutegi ezin “aproposagoan”: domeka gauean, ordubatak aldera. Ez dakigu ordutegi horren esangura ote den, umeentzat ez dela saio egokitzat jotzen. Dena den, argi dago euskal haur askoren telesail kutuna izan dela. Umetan telebista gehiegirik ikusten ez zuen Miren Artetxek dioskunez, “nik sekula ez dut telesail bat jarraitu, hura jarraitu nuen bezala”. Beste askorentzat ere balio du esaldi horrek, segurantzean.

Umeak, telebista eta indarkeria



Berba asko egiten da telebistak umeengan duen eraginaz. Bortizkeriak liluratu egiten dituela, bertako eredu txar batzuk hartzen dituztela… "Indarkeria eta Komunikazioa" izeneko talde bat, gaurko umeen eta telebistaren arteko harremana aztertzen dabil, Ramon Llull unibertsitate katalanean. Dagoeneko egin dituzten ikerketen arabera, umeek ondo ezagutzen dute programazioa eta, batez ere, ondo ulertzen dute ikusten dutenaren esangura. "Umorea, drama… elkarrengandik bereizten dakite", azaldu digu Jordi Busquet iker-taldeko koordinatzaileak: "Askotan uste izaten da, umeak babesgabe daudela telebista aurrean, baina ez dira hain inozoak; bortizkeria ikusten dutenean, esaterako, badakite noiz den egiazkoa eta noiz fikzio hutsa". Ikerketa, zazpi eta hamabi urte bitarteko umeekin egin dute.

Busqueten ustez, telebistaz bortizkeria ikusteak eragin desberdinak eduki ditzakeela umeengan: "Batetik, indarkeria motak bereizi behar dira, eta bestetik, ez da berdin bakarrik ikusten duten, ala heldu baten ondoan. Bigarren kasuan, heldu horrek ikusten ari direna azalduz gero, heziketa jaso lezakete". Busquetek ustez, indarkeria fisikoa telebistan ikusteak ez du hainbesteko kaltea eragiten, umeek badakitelako hori ez dela ona. Arriskutsuagoak ei dira, hain agerikoak ez diren beste bortizkeria mota batzuk.