Telebista japoniarra

Telebista japoniarra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/telebista-japoniarra/@@download/image/21p41-1_1369856999.jpg
2002/07/05
erreportajea
Amets Arzallus
Telebista japoniarra


Telebista erdiak baino gehiago Japoniatik datozkigu. Nik, adibidez, Sony bat daukat etxean. Baina telebista bera bakarrik ez, usu, irudiek ere Japonian dute jatorria. Alegia, telebista guztiz japoniartuta dugu. 

Umeen telesaiorik gogokoena "Betizu" da. Eta "Betizu" programa erdia marrazki bizidunez osatua dago. Baina marrazki bizidun horiek, bizi Euskal Herrian bizi badira, jaio, non izango eta Japonian jaiotzen dira. Hor ditugu esaterako, Sin Chan, Muka-Muka, Sakura eta beste hainbat heroi txiki japoniar, haur euskaldunen mito bilakatu direnak.

Helduen programarik gogokoenak kirol saioak dira. Eta kirolen artean erregea futbola da. Bada, aurten Munduko Kopa denek jakinen duzue Koreaz batera Japonian ari dela jokatzen. Hortaz, helduen begiak ere Japoniara itzuliak dira. 

Alegia, ekainean, familia guztia Japoniara begira dago. Goizetan aitak futbol partidak ikusten ditu. Eta arratsaldez seme alabek japoniar marrazki bizidunak so egiten dituzte. Gauetan, amak Japoniara oporretara joatearekin egingo du amets. Zer ote ginateke Japoniarik gabe? Edo japoniarrik gabe? Ezer gutxi.
Euskal Herrian ere Japonian bizi gara. Nipondarrak telebista bidez konkistatu gaituzte. Martxa honetan, laster, begiak ere luxe-luxe eta txapal-txapal eginak izango ditugu. Eta hala hobe agian, horrela, begiak erdi itxirik, gaur ikusten dugun telebistaren erdia besterik ez baitugu ikusiko.

Jaiak



Uda gainean da eta Euskal Telebistan berriro ere “Jaiak” programa hasiko da. Kamerak herririk herri ibiliko dira festa giroaren bila. Egia esan, oso ongi dago, inbidia pixka bat sortzeko, parrandarako irrika eragiteko, “Jaiak” programari begira egotea. Baina herriko jaiak askoz ere jaiagoak dira, telebistan baino, gure herriko plazetan.

Beti besteei begira


Euskal Telebistak elkarbizitza frogan jartzen duen “Basetxea” programa berria hasi du. Nekazaritza etxe batean, gazte batzuk kameraz inguratuta jarri dituzte: “Gran Hermano” edo “Loft Story” euskalduna. Beraz, gu besteei begira egongo gara, ETB beste telebistei begira dagoen bezala.