Zientziari buruzko 'Teknopolis' telebista-saioak hogeita bost urte bete ditu

Zientziari buruzko 'Teknopolis' telebista-saioak hogeita bost urte bete ditu Gaur ospatuko dute EITBren Bilboko Multibox aretoan, eta asteburuan espazioaren inguruko programa berezia emango dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/teknopolis-telebista-saioak-hogeita-bost-urte-bete-ditu/@@download/image/TEKNOPOLIS_25urte.png
2024/03/05
Gaur ospatuko dute EITBren Bilboko Multibox aretoan, eta asteburuan espazioaren inguruko programa berezia emango dute.
Zientziari buruzko 'Teknopolis' telebista-saioak hogeita bost urte bete ditu

Elhuyarrek eta Euskal Telebistak ekoizten duten Teknopolis saioak mende laurdena bete du eta, mugarri horren aitzakian, ekitaldia egingo dute gaur EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Horrez gain, programa berezia egingo dute asteburuan, Teknopolisek espazioaren inguruko saioa eskainiko baitu.

Saio honetan  Alemaniako Darmastadt hiriko ESOC zentroan izango dira, Europako Espazio Agentzian, misio zientifikoak kontrolatzen diren gunean. Unibertsoaren esplorazioa da ESAren egiteko nagusia, eta bertan hainbat euskal zientzialarik lan egiten dute. Haien bizipenak jaso dituzte urteurreneko saio berezian.

Ignacio Tanco Rossetta misioa jaurtitzeko lanak egiteko iritsi zen ESAra. Orain Juice misioaren arduraduna da. Juice 2023ko apirilean jaurti zuten, eta Jupiterren ilargi izoztuak ikertzera doa, izotzaren azpian ura aurkitzeko esperantzarekin.

Libe Jauregik eta Ander Martinez de Albenizek, berriz, misioen ibilbideak kalkulatzen dituzte; hau da, jaurtitako sateliteek nondik nora ibili behar duten erabakitzen dute, espazioaren handitasunean ez galtzeko eta daramaten erregaiari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. 

Mikel Cataniak EUMETSATen egiten du lan. Cataniak Lurraren inguruan biraka dabiltzan sateliteak gidatzen ditu, besteak beste, Sentinel konstelaziokoak. Copernicus programako sateliteak dira, eta Lurra behatzea dute egitekoa.

Beraien lana ezagutzeaz gain, etorkizunari nola begiratzen dioten ikusi ahal izango dute ikus-entzuleek. Larunbatean emango dute saioa, 13:30ean, ETB1en, eta igandean, 12:00etan, ETB2n.

Hogeita bost urtez zientziaren dibulgazioan
1999ko otsailean eman zen lehenengo aldiz Teknopolis Euskal Telebistan. Lehen saio hartan ere, espazioaren esplorazioa izan zuten hizpide. Hainbat gai jorratu dituzte urte hauetan guztietan: Interneta zer den, GPSak nola funtzionatzen duen, klonazioa, antibiotikoei erresistentzia dieten bakterioen arazoa, minbiziaren tratamenduak nola hobetu diren, koronabirusaren pandemia...

Zientzia, ikerketa eta zientzialariak dira saioaren ardatza eta, ondorioz, hiru mila euskal ikertzaile inguru izan dira saioan. 750 saiotik gora eman dituzte euskaraz eta gaztelaniaz. 

Sariak ere jaso dituzte, hala nola Euroscience Foundation-en Popular Science TV Award, Euskadiko Ingurumen Kazetaritza Saria, bi aldiz, eta Accenture saria.