Tejero... denak lurrera gero!

Tejero... denak lurrera gero! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tejero-denak-lurrera-gero/@@download/image/60p32-1.jpg
2006/02/03
erreportajea
Jon Odriozola
Tejero... denak lurrera gero!
Jada mende laurdena joan da. 25 urte. Batzuk galtzamotzak utzi nahian zebiltzan, beste batzuk jaiotzeke zeuden. Hala ere, 1981eko otsailaren 23ko Madrilgo estatu-kolpeaz galdetuz gero, ia denoi izen bat datorkigu burura: Tejero teniente koronela. 


Euskal Herrrian ez zen giro



Urte hasiera beroa izan zen 1981ekoa. Espainiako errege-erreginek egonaldia laburra egin zuten otsailaren 2tik 4ra Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Aski ezaguna da, Gernikako juntetxean Juan Carlos I. erregeak hitza hartu orduko, HBko ordezkariak “Eusko Gudariak” kantatzen hasi zireneko pasarte hura.

Bi egun beranduago, otsailaren 6an, ETAk Jose Mari Ryan Lemoizeko zentral nuklearreko ingeniaria erail zuen. Otsailaren 13an, berriz, Joseba Arregi, otsailaren 4tik Madrilen atxilotua zuten zizurkildarra, poliziak eragindako torturez hil zen. Giroa gori-gori zegoen, eta antza, estatu-kolpe baten hatsa suma zitekeen.

Galaxia operazioa



1981eko otsaileko estatu-kolpearen hitzaurrea izan zen. 1978an, Ricardo Saenz de Ynestrillas Espainiako Polizia Armatuko kapitainak, eta Antonio Tejero Guardia Zibileko teniente koronelak, hainbat bilera egin zituzten Madrilgo Moncloa auzoko Galaxia kafetegian. Espainiako errege-erreginak Hegoamerikan barrena bidaian zebiltzala aprobetxatuz, 1978ko azaroaren 17an Ministro Kontseiluko bileran sartu nahi zuen bikoteak, Espainiako Gobernua bahitzeko. Hala ere, biak atxilotu zituzten asmoa gauzatu aurretik.

Tejerori zazpi hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zioten "Galaxia operazio" hura zela eta, eta 1979ko abendura arte egon zen preso. Espetxetik irten eta berehala, Tejerok adierazpenok egin zizkion "El Alcazar" egunkari ultra-eskuindarrari: "Nahiago dut aberri bateko sarjentu xumea izan, ezerezaren jenerala izan baino".

Egunik luzeena



Bigarren Mundu gerrateko Normandiako lehorreratzea islatzen duen film batek, "Egunik luzeena" izena du ("The longest day", 1962). Film horretan John Wayne, Robert Mitchum, Henry Fonda eta Richard Burton aktore ezagunak azaltzen dira, besteak beste. Bada, batek baino gehiagok "egunik luzeena" goitizenez bataiatu zuen 1981eko otsailak 23 hura.

Izan ere, 1981eko otsaileko Eleuterio deunaren eguna, ez zen nolanahiko 'astelehena' izan. Arratsaldeko 18.30ak aldera, Leopoldo Calvo Soteloren inbestidura-ekitaldia bozkatzen ari zirela, 200 bat guardia zibil metrailetak eskuan sartu ziren Madrilgo Diputatuen kongresuan. Eskuan pistola zeraman txapeloker bibotedun bat zuten gidari: Tejero jauna.

Taulara igo, bildutakoei begira jarri, eta Tejerok jada historiko bihurtu diren perlak oihukatu zituen: "¡Se sienten, coño!", edo "¡Al suelo todo el mundo!"… Bide batez, Tejeroren kohorteak sabaira tiro mordoska bota zituen, parlamentariak beldurtu eta makurraraziz. Hemen dugu, estatu-kolpea! Handik gutxira, Jaime Milans del Bosch kapitan jeneralak Valentzian tankeak kaleratu zituen, eta salbuespen-egoera ezarri zuen.

Madrilgo gertakizunen berri izan orduko, Euskal Herrian batek baino gehiagok muga aldera jo zuen, Ipar Euskal Herrira ihes egiteko. Izan ere, Tejero kongresuan azaldu aurretik ere urruti ez ibiliagatik, oraingoan tanke eta metrailetekin kalean zebiltzan Francoren adiskide minenak.

Irratia eta telebista



Estatu-kolpea jo zutenek, garai hartan Espainian ikus zitekeen telebista bakarraz, TVE kateaz, eta Radio Nacional irratiaz jabetu ziren. Hala, arratsaldeko zortziak aldera martxa militarrak jarri zituzten, eta beranduago, aldiz, “musika arinagoa, dantzatzekoa”, ondoren hedabide batek esan zuen bezala.

Hala ere, Ser irrati katea zuzenean saio bat ematen aritu zen etenik gabe, estatu-kolpea hasi eta bukatu arte: gau guztian zehar, Madrilgo kongresuaren kanpoaldean gertatzen ari zenaren berri eman zuen.

Estatu-kolpea, “irratien gaua” izenez ere ezaguna da; jendeak, jakinminez, belarria irrati ondoan izan zuelako gau osoan. Estatu-kolpea amaitu bitartean, telebistan -Hego Euskal Herrian pare bat kate besterik ez zituen kaxa hartan!-, pelikula bat bestearen atzetik ematen aritu ziren.

Ai, Antonio, Antonio...



Alfonso Armada, Espainiako Estatu Nagusiko bigarren teniente jenerala; Jaime Milans del Bosch, III. Erregio Militarreko kapitain jenerala; eta Antonio Tejero izan ziren estatu-kolpearen hiru protagonista nagusiak.Antonio Tejero guardia zibil kolpistaren aburuz, Espainian demokraziak hamaika gaitz ekarri ei zituen berarekin, "adibidez, pornografia".

Zeresanik ez, Euskal Herriko afera politikoak ere tripakomin latzak emango zizkion txapel-okerrari. Eta denei aurre egiteko, ez dago tankeen hotsa eta diziplina baino botika aproposagorik, ezta Antonio? Ai, Antonio, Antonio….

Madrilgo diputatu kongresuko estatu-kolpearen aurretik, Antonio Tejero atxilotu egin zuten, "El imparcial" egunkarian Juan Carlos erregeari zuzendutako gutun bat zela-eta. Hala, estatuko hainbat tokitara bidali zuten Tejero jauna: Donostiara eta Gasteizera, adibidez.

Indultuak eta maila igotzeak



1982ko otsailaren 19an, estatu-kolpea gertatu eta ia urtebetera, 33 pertsona epaitu zituzten Madrilgo Campamento auzoan egindako epaiketan: bakarra salbu, guztiak militarrak ziren.

1983ko apirilaren 28an, behin betiko espetxe zigorrak jakitera eman ziren. Hala ere, epaitutako zenbait militarrek urte askotako zigorra jaso zuten arren, Tejero izan ezik, 1991rako kalean ziren guztiak. Indultuei esker, batzuek erretreta goxoaz gozatzeko aukera izan zuten, eta izan zen graduazioan mailaz igo zenik ere. Jaime Milan del Bosch aske irten zen bederatzi urte espetxean eman ondoren.

Tejero izan zen espetxetik irteten azkena. 30 urteko espetxe zigorra jaso arren, 1996ko abenduaren 3an aske geratu zen, 64 urte zituela

18 ordu luze



Nahaspila nagusitu zen ordu luzez, eta gerora jakin denez, negoziazio asko izan ziren tarteko.

Kontua da, otsailaren 24an, goizeko ordubatak eta laurdenetan, Juan Carlos I. Espainiako erregearen agerraldia izan zela TVE katean, eta gauzak zer izaten diren: Juan Carlosek, Francok Espainiako estatu buru izateko aukeratutako errege horrek berak, amaitutzat eman zuen estatu kolpea. Otsailaren 24ko eguerdian, Madrilgo Kongresuko diputatuak aske geratu ziren.

Biharamunean, garbitzaileak legebiltzarrean sartu orduko, zigarro-mutxikinez josita topatu zuten diputatuen kongresua -egun, debekatua dago erretzea!-. Bitxia da, baina estatu-kolpean parte hartu zuten guardia zibilek erabat hustu zuten kafetegia, jaki edo edari bat bera ere utzi gabe. Ederrak dira gero!

Hala ere, otsailaren 23 hark luze jo zuen euskal herritar askorentzat. Izan ere, sei urte besterik ez ziren, 1975ean, Franco hil zela; eta aparatu frankistak azala mudatu besterik ez zuen egin Espainiako demokrazia jaio berriaren barruan. Estatu kolpearen berri izan bezain pronto, ihes egin zuten euskal herritar askok, eta beste askok, aldiz, sasira jo zuten.

Kronologia


1975. Azaroaren 20an, Franco hil zen.
1975. Azaroaren 22an Juan Carlos I. Espainiako errege izendatu zuten. Francok berak aukeratu zuen Juan Carlos I. estatu buru izateko.
1976. Urtarrilean 25ean, diktadura osteko lehen udal hauteskundeak egin ziren Espainian.
1977. Maiatzaren 27an, preso politikoentzako amnistia.
1977. Apirilean 9an, Partidu Komunista legeztatu zuten Espainian.
1978. “Galaxia Operazioa” izeneko estatu-kolpea bertan behera geratu zen.
1981. Otsailak 23ko estatu-kolpea.
1981. Apirilaren 26an, Xixongo El Molinon estadioan, Realak Espainiako futbol liga irabazi zuen lehen aldiz 

"Estatu kolpea trikornioarekin? Hori ez da serioa"



Lehen ere esan dugu, 1981eko otsailaren 23 hura, zein gogorra izan zen euskal herritar askorentzat. Alderdi abertzaleetako kide batek baino gehiagok sasira jo zuen berehala, eta euskal kulturaren alorrean lanean ari zirenek ere, buru gainean ikusi zituzten frankismoaren ekaitz hodei beltzenak.

Izan ere, orduntxe ari ziren indartzen ikastolak, euskaltegiak, euskal literatura… ezkerreko jende askok ere, hotzikara sentitu zuen bizkarrezurrean behera.

Atxagaren egile eskubideak
Larritasunak larritasun, egun hartan pasadizo xelebrerik ere gertatu zen. Esaterako, Bernardo Atxaga idazleak, "egun giltzarritzat" jotzen du 1981eko otsailaren 23 hura bere idazle ibileraren barruan. "Garai hartan gutun bat jaso nuen, eta nire aurreneko egile-eskubideak  —100.000 pezeta (600 euro)— emango zizkidatela zioen". 100.000 pezeta! Dirua mordoxka zen hori! Atxagak otsailaren 23an jaso behar zuen dirua, Donostiako alde zaharreko Elkar argitaletxean.

Etxetik irten eta anaietako batekin topo egin zuenean, "gaurkoa egun historikoa izango duk" esan omen zion Bernardo Atxagak, eta anaiak erantzun, ez zela "hainbesterako izango". Une hartan hirugarren anaia azaldu zen, eta Madrilgo parlamentuan "zerbait" gertatu zela aurreratu zien: "Guardia zibil talde bat sartu duk; estatu-kolpea, beraz".

Gerora aitortu izan duenez, estatu-kolpe ahalegin hura kasik modu pertsonalean hartu zuen Atxagak: "Militar horiek ere gaurko eguna aukeratu behar estatu-kolpea emateko! Nire lehen egile eskubideak kobratzear naizela", edo antzeko zerbait pentsatu omen zuen.

Nola zagok jantzita?
"Parlamentuan sartu den guardia zibilen talde-burua nola zagok jantzita?", galdetu zuen Bernardoren anaietako batek, eta besteak erantzun, "trajez eta trikornioarekin". "Bada, orduan, ez duk aurrera aterako! Estatu-kolpe bat trikornioarekin ematea ez da oso serioa", ondorioztatu zuen anaiak, eta "egile-eskubideak kobratzera joateko", esan zion Atxagari.  Anaiaren hitzak aintzat hartuta, Donostiara abiatu zen idazlea. Bistan denez, "egun historikoa" izan zen 1981eko hura.