Tearen sukarra

Tearen sukarra https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/02/10
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! Elkartea
Tearen sukarra
Milaka urteko antzintasuna izan arren, tearen kultura pixkanaka guregana
heldu da. Gaur egun, txinatar, japoniar zein ingelesen antzera, euskaldunok ere katilu bete te edateko ohitura geureganatu dugu.


Euskal Herrian inoiz baino te gehiago edaten da, eta gure artean te zaleak geroz eta gehiago direnez, ez legoke gaizki landare honen inguruko informazioa ematea. Alde batetik, jakin behar da teina te hostoetan topatu daiteken  substantzia psikoaktiboa dela; hau da, droga bat da. Xantinen taldeko alkaloidea da, hain zuzen, eta horrenbestez, baditu gozamen zein arriskuak. Adibidez, teinaren gehiegizko erabilera edo kontsumoak osasun arazoak ekar ditzake, hala nola, loezinarekin edo urduritasunarekin lotutakoak. Arrazoi horrengatik hipertentsiodun pertsonentzat ez da batere gomendagarria.

Onurei dagokienez, esan ohi da, te berdeak glaukoma bezalako gaixotasunak saihesten laguntzen duela, eragin diuretikoak dituela edota gaixotasun kardiobaskularrak izateko arriskua murrizten duela. Baina gaixorik edo ondoezarekin egonez gero, nork bere kabuz tratamendua edo konponbidea bilatzea ez da egokiena; horretarako adituak eta profesionalak daude.
Bestalde, landareekin eginiko edari edo infusio guztiak ez dira tea, eta te guztiak ez dira berdinak; badira te zuria, beltza, gorria, berdea, horia, urdina... Eta motaren arabera eragin nutrizional zein medizinalak aldatzen dira. Hala ere, oro har, teina nerbio sistema zentralean, arnas sisteman eta gernu sisteman eragina duen pizgarria da, beste infusio batzuk ez bezala arnasketa sistema handitzen eta nekea murrizten duena. Hori kontuan hartuta, erabiltzailearen helburua atsedena hartzea bada, ez da komeni tea uretan denbora luzez mantentzea edo oheratu aurretik edatea.

Dena den, te zalea izanez gero eta edozein arrazoirengatik honen eragin pizgarriak saihestu nahi izatekotan, gustu gehienei egokitutako teinarik gabeko infusio ugari daude, erabat eskuraerrazak direnak . Esate baterako, teinadun zein teinarik gabeko infusioak supermerkatuetan, belar dendetan edota gero eta gehiago irekitzen ari diren te denda espezializatuetan eros daitezke, tea hartzeko tresna zein osagarri guztiekin batera: teontziak, iragazkiak, katiluak, koilarak, pastak, galletak...

Amaitzeko, aipagarria eta bitxia da teinaren eta kafeinaren artean sortutako nahasmena. Pertsona zein aditu askoren ustetan ezberdinak dira, baina zientifikoki teina, kafeina, mateina eta guaraninak molekula edo substantzia berdina dute. Hori bai, kafe batean eta te batean egon daitekeen kontzentrazioa aldakorra da, eta ondorioz, eraginak ere bai (adibidez, eragina beranduago nabaritu daiteke baina iraunkorragoa izan daiteke, eta abar). Baliteke, hori izatea nahasmenaren gakoa.

Kontuan izan


•    Teina substantzia psikoaktiboa da.
•    Pizgarria da.
•    Landareekin eginiko edari edo infusio guztiak ez dira tea.
•    Badira teinarik gabeko infusioak.
•    Teinak onurak edo gozamena eskaini arren, kasu batzuetan ez da gomendagarria; hipertentsioa dutenentzako, adibidez.
•    Gehiegizko kontsumoa saihestea komeni da.