Tarifa finkorik interneten?

Neska-mutilak, hilabete honetan underground orrialdeak eta alde batera utzi eta serio samar jarriko gara. Izan ere, tarifa finkoa (gazteleraz tarifa plana deitutakoa) Hego Euskal Herrira iritsi da eta eskaintza gozoa dirudien arren, salatzeko modukoa da, lotsagarria. Estatubatuarrek sarea ordaintzeko dituzten pagotxak (hiri barneko deiak musutruk dira eta horrez gain, sarea ziztu bizian doa) urrun baino urrunago dituzte Hegoaldeko "marinelek". Hego Euskal Herrian tarifa finkoa indarrez sartu da eta orain arteko balantzea nahiko txarra izan da.
Zer da tarifa finkoa? Sarean sartzearen truke ordaintzeko modu "berria". Dakizuenez, sarrera telefono bidez egiten da. Zenbat balio du interneten ibiltzeak? Hegoaldeari dagokionez, herrixka edo baserri batean bizi ez bagara, hiri edo herri barneko telefono deiak bezainbeste. Hau da, 35 minutuz interneten ibiltzeak ondoko bizilagunarekin 35 minutuz telefonoz hitz egiteak adina balio du. Beraz, ez da batere merkea.
Internauten Elkartearen salaketen eta protesten ondorioz, aurtengo udaberrian tarifa finkoa ezartzeko lehen proposamenak iritsi ziren. Dena den, eskaintza oldea jasan ondoren, tarifa finkoaren ezaugarriez ohartu gara: garestia da (gutxi-gora-behera, 3.000 pezeta hilean, hau da 25 libera, betiere enpresaren arabera), ez da oso "finkoa" (ordutegiak daude, normalean 18.00etatik 08.00etara bitartean izaten da), enpresa gehienetan erraza da lotura galtzea eta horrez gain, sarea ez doa behar bezain azkar.
"Ni ez naiz oso jantzia gai honetan, baina hilean 3.000 pezeta, ez da hain garestia" esango du baten batek. Egia da, baina kontuan hartzen baditugu Espainiako Gobernuak egindako azterketak, lehengo ordainketa moduarekin, internautek, batez beste, 3.000 pezeta erabiltzen zituzten sarean... Non dago aurrezteko aukera paregabea?
Internautek benetako tarifa finkoa nahi lukete, azpijokorik edo iruzurrik gabea, eta lotura onarekin. Hala ere, Hego Euskal Herrian lotura onez hitz egiteak ametsa dirudi gaur egun.
Gomendioa
Entzunak entzun, oraindik ere tarifa finkoa hartu nahi baduzue, Internauten Elkartean enpresarik fidagarrienak biltzen dituen zerrenda topatuko duzue. Hona hemen elkartearen helbidea: www.internautas.org