Tanta: Musika eta bideo tantak

Tanta taldearen lehenengo lana kaleratu du "Bonberenea ekintzak" diskoetxe alternatiboak: Tanta Tolosa, Azkoitia, Bera eta Irungo zenbait musikarien fruitua da.
Tolosako hiru lagunek osatzen dute Tantaren bizkarrezurra: Mantxik (baxu jotzailea eta abeslaria), Patxik (bateria jotzailea) eta Joxik (gitarra jotzailea). Zenbait taldetan ibilitako musikariak dira hirurak: Bukaera, Anima Vili, Batzuk, Humus, Hard Maon Abestiak sortu eta grabatzeari ekin zioten duela urtebete pasatxo, diskoa kaleratzeko asmoz. Eta ahalegin horretan, zenbait lagunen laguntza izan zuten: Lisabö taldeko Javiren gitarra eta Roge Akauzazte-ko kidearen teklatu doinuak. Bestalde, grabazioaz, nahasketez, moldaketez, masterizazioaz eta produkzioaz Karlos Lisabo (Irun) eta Maikel (Bera) arduratu ziren.
Sei kantu eskaintzen ditu diskoak, eta oparitxo bat: Buenavistako Txesusek eta Imak eta Tolosako Baxik egindako bideoa. Kantu gordinak bildu dituzte diskoan, oinarri erritmiko sendoari eutsiz.
Joxi Ubeda taldeko gitarra jotzailearen hitzetan, "gurekin lan egiten duten guztiek badute gauzak muturrera eramateko joera, esperimentatzeko nahia, gauza bereziak egiteko gogoa".
Musika eta irudia bat eginik
Zuzeneko emanaldiei dagokionez, musikak ez ezik, bideo irudiek osatzen dute Tanta-koen ikuskizuna. "Bideoa eta musika elkar lotuta daude, ez doaz bakoitza bere aldetik. Musikak bideorik gabe ez luke zentzurik", aipatu digu Joxi Ubedak.
Musika eta irudia (paisaiak, natura ) uztartzea da helburua, osotasun bat lortzeko. "Emanaldia ez da kantu soltez osatzen. Osotasuna du", esan digu tolosarrak.
Esan bezala, Tantakoen lehendabiziko lana "Bonberenea Ekintzak" diskoetxeak kaleratu du. Tolosako Bonberenea etxe okupatuan jaiotako ekimenak kaleratutako bigarren erreferentzia dugu honakoa. Eta ez da azkena izango, izan ere, diskoetxeko arduradunek iragarritakoaren arabera, lan gehiago kaleratzeko asmoa dute. Gutural-en bertsio bilduma, esaterako.