Tanorexia: beltzaran egoteko behar kontrolaezina

Tanorexia: beltzaran egoteko behar kontrolaezina Larruazala iluntzeko premia sentitzen dute tanorexia dutenek, eta sekula ez da nahikoa izaten. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tanorexia-beltzaran-egoteko-behar-kontrolaezina/@@download/image/pexels-karola-g-8363297.jpg
2026/08/05

Testua: Maitane Legarreta

Larruazala iluntzeko premia sentitzen dute tanorexia dutenek, eta sekula ez da nahikoa izaten.
Tanorexia: beltzaran egoteko behar kontrolaezina
Mendebaldeko gaur egungo gizarte gehienetan beltzaran egotea osasunaren eta arrakasta sozialaren, estatusaren, adierazgarri bihurtu da. Sare sozialek ere hauspotu dute ideia hori. 
 
Baina eguzkia hartu eta beltzaran egotea obsesio ere bihur daiteke. Tanorexia beltzaran egoteko mendekotasun edo obsesio gaixotasuna da. Sekula ez da lortzen nahi bezain beltzaran egotea, eta horren ondorioz, denbora askoan eguzkitan egotea eta UVA izpiak hartzea ohikoa izaten da gaitza dutenen artean. 
 
Beltzaran kolorea ez galtzeko antsietatea izaten dute, eta ingurukoekiko lehia ere senti dezakete, nor beltzaranago egon. Beste nahasmendu obsesio batzuetan gertatzen den moduan, gaixoak errealitatea deformatzen du eta bere larruazala zuri ikusten dute. Kontua da inoiz ez dutela haien burua behar bezain beltzaran ikusten, "zuriegi" daude beti.
 
Zenbait ikerketaren arabera, eguzkia hartzerakoan opioide endogenoak eta endorfinak askatzen dituzte maila nabarmenean, eta erradiazio ultramorearen eraginpean egoteari uzten diotenean, abstinentzia-sindromea izaten dute. Ondorioz, eguzkirik hartu ezin dutenean, antsietatea eta ezinegona sentitzen dute.
 
Behar baino eguzki gehiago hartzeak ondorio kaltegarriak ditu ordea. Larruazalean zimur goiztiarrak, erredurak eta zahartze azkarra eragin dezake. Azaleko minbizia izateko arriskua handitzen da, eta begietako lesioak sor daitezke.
 
Nahasmendu-obsesioa izanik, lanketa psikologikoa eskatzen du. Sarritan beharrezkoa izango da mediku-tratamendu bat egitea, mendekotasunaren ondorioz gara ditzaketen patologiak sendatzeko.
 
Eguzkia hartu, baina neurrian eta babestuta
Eguzkia hartzea onuragarria da berez, bai D bitaminari begira eta baita erritmo zirkadianoa behar bezala mantentzeko ere, hau da, esnatzea, loa eta bestelako funtzio biologikoak erregulatzen dituen zikloaren martxa egokia bermatzeko. 
 
Hori bai, azala babestea komeni da. Eguzkitan jarri baino ordu-erdi lehenago gure azalak behar duen eguzkitako krema eman behar da, eta, ahal dela, ez dadila urarekin kendu. 
 
Horrez gain, lehen egunetan eguzkitan denbora-tarte txikian egotea komeni da, eta pixkanaka egokitzea. Gainera, hobe da 12:00etak 16:00ak arteko tartean eguzkirik ez hartzea.