Tania de Sousa: "Orain aurkitu dut barruan neukana ateratzeko aukera"

Tania de Sousa: "Orain aurkitu dut barruan neukana ateratzeko aukera" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/tania-de-sousa-quotorain-aurkitu-dut-barruan-neukana-ateratzeko-aukeraquot/@@download/image/argazkia_oieras_1412236814.jpg
2014/10/02
elkarrizketa
Saioa Baleztena @SaioB
Tania de Sousa: "Orain aurkitu dut barruan neukana ateratzeko aukera"

The Dispositives taldean eman zituen lehen urratsak Tania de Sousak (Zestoa, 1987) eta, Fermin Muguruzaren eskaintzari kasu eginez, Zuloak proiektuaren eztandan ezagutu genuen hobeki. Talde dinamikekin nekatuta, Tolosako Bonberenea estudioetan grabatu zuen 'Taniatank' diskoarekin estreinatu du aurten bakarkako ibilbidea eta zuzenekoetan buru-belarri dabil orain. 



Badirudi arrakastatsu hasi duzula bakarkako aro berria.

Ez pentsa, oihartzuna izan dugu baina errealitatea ez da, zehazki, hori. Guztia oso motel doa, zerotik hasi gara, jende gutxi erakarri duten kontzertu xumeak egin ditut eta zor ugari ditugu! Argi dut hau bide luzea izango dela eta ez dela erreza izango. Baina, ilusiorik behintzat ez dugu galduko!

Tira, zorrak zor, hamabortz egun barru AEBetan izango zarete. Ez dut uste zerotik hasten diren talde guztiek halako aukerarik dutenik...

Hau salbuespen bat da, Fermini luzatu dioten gonbidapena da eta ondorioz, guk ere probetxua aterako diogu. Baina, halako aukerak ez dira askotan egoten! Zerotik hasi gara, zortea izan dugu hamar egunez AEBetara joango garelako baina, listo, horrek ez du ezer esan nahi, urriaren amaieran Euskal Herrira itzuliko garelako eta aurreko toki berean jarraituko dugu...

Irailak 18an ikusi zuen argia ‘Taniatank’ diskoak. Oraindik entzun ez duenak zer aurkituko du bertan?

Disko eklektikoa da, batik bat. Egia da kanta guztietan pop-rock melodiak nagusi direla, baina, estilo asko jorratzen ditut. Guztiarekin ausartzen naiz eta horrek nire aurka edo nire alde egin dezake.

Estiloa aipatzen duzula. Rockeroa zara baina elektronikarekin tartekatzen duzu.

Denetarik entzuten dut eta ez dut erreferente zehatzik. Niretzat taldeak edo artistak dira erreferenteak, estiloak berdit dit.

Baina, elektronika rockarekin tartekatzea al da euskal musikak behar duen bultzada?
Ez dakit beharrezkoa den baina, nik behintzat sentitu dut nire burua eguneratzeko eta aspaldiko doinuak orain entzuten den musikarekin nahasteko beharra.

The Dispositives taldean hasi zinen eta gero Zuloak proiektura egin zenuen saltoa.

Kasualitate hutsa izan zen. Fermin Muguruza The Dispositiveseko kontzertu batera etorri zen. Zoritxarrez, Zuloak dokumentalerako pentsatuta zuen abeslariak ezbehar bat izan zuen eta bera ordezkatzeko proposamena bota zuen.

Kontzertu horretan ezagutu zenuen eta orain zure ekoizlea da...

Bai, egia esan sekulako ikasgaia izan da niretzat Fermin. Berez, musikaren industriaren inguruan dakidan guztia berari esker da!

Zuloak aipatzen zenuen. Zenbateraino eragin du zure ibilbidean?

Nire bizitza guztiz aldatu zen! Orain hemen nago, Taniatank diskoa eskuan eta sekulako ibilbidea egin dut. Nire ibilbidea eta proiekzioa guztiz aldatu da eta argi dut Zuloak proiektuagatik ez balitz egoera guztiz desberdina izango litzatekeela.

Fermin Muguruzaren dokumentalak eragin zuen eztanda baretu zenean ekin zenion bakarkako ibilbideari.

Egia esan ez da aspaldiko erabaki bat izan. Zuloaken biran murgilduta ginenean hainbat lagunek animatu zidaten bakarka hastera eta azkenean kasu egin nien...

Baina, zergatik orain?

Musika talde orok demokrazian bizi behar du eta ni, orain arte, betidanik aritu naiz talde formatuaren dinamikan. Horrek azkenean nekatu ninduen, estilo musikalarekin gustura sentitzen ez nintzelako, batez ere, eta orain aurkitu dut barruan neukana ateratzeko aukera.

Zein izan da jendearen aldetik jaso duzun erantzuna?

Sentimendu ugari ditut, oraindik arraro sentitzen naiz eta deseroso, batzuetan.. Baina, bestalde, agertokian hobera goaz eta uste dut publikoak hori nabaritzen duela. Hasi ginenekoarekin alderatuta eskaintza desberdina egiten dugu orain eta jendeak gustuko duela iruditzen zait.

Emakumezkoaren irudiaren aldarrikapenak bereizgarritzen zaitu, bertzalde.

Ez dut, berez, hori bilatzen. Egia da oraindik emakumezko gutxiago garela agertoki gainean, baina nik musikari bezala aldarrikatzen dut nire lekua, oraingoa momentu oso zaila baita edonorentzat.

Etorkizunerako zein da zure erronka nagusia?

Maite dudan honetan jarraitzea eta bizirautea. Dena oso ilun ikusten dut. Ez dakit musikarion panoramak hobera egingo duen, nahiko nuke, baina ez dut itxaropen handirik. Hau bai erantzun ezkorra! Kar, kar, kar.

Azkenik, ba al duzu bertze proiekturik eskuartean?

Momentuz ez, honekin buru belarri!

TANIA DE SOUSAREN KUTTUNAK


Abeslari bat: Lady Gaga
Musika talde bat: Itoiz
Kontzertu bat: Supertramp taldearena, 2011n Nimesen (Frantzia)
Disko bat:  Lost in the Dream (The War on Drugs, 2014)
Amets bat: Musikaz bizitzea
Miresten duzu: Lena Dunham

Kontzertuak


Urriak 4, larunbata: Gasteizko Gaztetxea (+Herri Oihua)
Urriak 5, igandea: Kilometroak
Urriak 11, larunbata: Martuteneko jaiak
Urriak 18, larunbata: San Francisco (Kalifornia)
Urriak 22, asteazkena: Los Angeles (Kalifornia)
Urriak 31, ostirala: Bilboko BIME live
Azaroak 8, larunbata: Bartzelonako EH Sona
Azaroak 14, ostirala: Madrilgo Juglar
Abenduak 6, larunbata: Durangoko Ahotsenea