'Tamara ta Mara' telesaila estreinatuko dute bihar Primeran plataforman
Bihar, ekainak 4, estreinatuko dute Tamara ta Mara telesail berria Primeran plataforman, 22:00etatik aurrera. Hogei minutuko lau atal izango dira, eta ikus-entzuleek Tamara eta Mararen arteko harreman tirabiratsuaz gozatzeko aukera izango dute. Amodioa eta gorrotoa uztartuko ditu telesailak, eta eguneroko lehia txikiak islatuko dituzte, umorez.
Ainhoa Etxebarriak eta Ainhoa Artetxek gorpuztuko dituzte Tamara eta Mara pertsonaiak. Bi aktore gazte dira eta casting areto batean topo egingo dute. Makusi plataformako izarra da Tamara, eta mundua jan beharrean dabil Mara, baina, kanpora begirako irudi hori gorabehera, ziurtasun gutxi du barruan.
Biak krisi pertsonal eta laboral sakon batean murgilduta daude, eta ezinbestekoa dute hautatuak eurak izatea, aldaketarako aukera izan baitaiteke haientzat. Duela bi urte bi aktoreen artean gertatutako zerbaitek dena hankaz gora jarriko du ordea.
Ane Rotaetxek zuzendu du telesaila, eta gidoia ere berak idatzi du, Larraitz Zuazorekin eta Antton Telleriarekin batera. Begira Produkzioak ekoiztetxearen lana da, eta Bilbon grabatu dute.
Etxebarria eta Artetxez gain, Maria Urzelai, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri ere aritu dira aktore lanetan. Mikel Losadak eta Lander Otaolak ere parte hartu dute. Horiez gain, paper labur bat izango dute Lara Izagirrek, Katixa Agirrek, Jonkass DJak, Andoni Calvok, Dani Alvarezek, Felix Linaresek, Sara Gandarak, Xabier Madariagak, Ana Goitiak, Malen Altunak eta Aitziber Gradosek.
Bilboko Azkuna zentroan aurrestreinaldia
Primeranen ikusgai izan aurretik, Bilboko Azkuna Zentroko Golem zinemetan aurkeztuko dute telesaila. Photocalla izango da lehenik, eta 19:00etan lehen hiru atalak emango dituzte pantaila handian.

